Politika

"Burujabetzaren bideari ekiteko" akordioak bultzatuko ditu EH Bilduk

Laura Mintegik jakinarazi duenez, “datozen egunetan” proposamen “ireki eta zabal” bat aurkeztuko die “erabakitzea ezinbestekoa dela uste duten guztiei”. Urte politikoaren hasiera ekitaldia egin du koalizioak Donostiako Miramar jauregian.

jokin sagarzazu
2013ko irailaren 6a
16:37
Entzun

Euskal Herriaren “izaera” aitortzen dutenekin akordioak egin nahi ditu EH Bildu koalizioak hasi berri den urte politikoan. Laura Mintegi bozeramaileak jakinarazi duenez, “datozen egunetan” proposamen “ireki eta zabal” bat aurkeztuko die gainontzeko alderdiei, “hurbilago daudenei eta urrutiago daudenei”, baina, bereziki, “erabakitzea ezinbestekoa dela uste duten guztiei”. “Proposatzen dugun bidea ez doa inoren aurka, guztion alde egin nahi dugu”, adierazi du Mintegik. Ez du zehaztasunik eman nahi izan egitasmo horren inguruan, baina adierazi du elkarrenganako “errespetua” eta “determinazioa” izango dituela ardatz EH Bilduren proposamenak. “Ez dugu amore emango; aurrera begira joko dugu une oro”, azpimarratu du.

Mintegik, halaber, Espainiako Gobernuaren asmo zentralizatzaileez ohartarazi du, eta nabarmendu  orain arteko “inposaketa eta ukazioarekin” jarraituko duela Madrilek, “hitzez eta ekintzez”. Hori hala, egungo autogobernua “sendotu” nahi dutenei esan die bide horretatik jarraitzea “errore handi bat” izango dela, funtsean, autogobernua berak lagundu dielako Espainiako Gobernuaren asmoei. “Politika ez da kudeaketa hutsa, politika erabakitzea da”, esan du Mintegik, eta gaineratu burujabetzari uko egitea, “demokrazia bera ukatzea” dela. “Gure buruaren jabe gara, inoren baimenik behar izan gabe, bagara nor zer nahi dugun esateko”.

Donostiako Miramar jauregian eginiko agerraldi batekin eman dio hasiera urte politikoari EH Bilduk. Han izan dira koalizioko 60tik gora kide eta hautetsi. Burujabetza eta gizarte politikak izan dira agerraldiaren ardatzak, galderarik gabeko prentsaurreko batean.

Mintegiz gain, Nafarroako Parlamentuko legebiltzarkide Maiorga Ramirezek ere hitz egin du. Ramirezek nabarmendu duenez, EH Bilduk eskubide sozial eta laboralak defendituko ditu “eremu guztietan”, instituzioetan eta kalean. “Hori izango da gure marra gorria”, adierazi du. Ramirezek azaldu duenez “proposamen zehatzak” aurkeztuko dituzte, bereziki, Euskal Herrian lanik gabe dauden herritarrentzat. Besteak beste, proposatuko dute lana sortu eta banatzea, lan orduak murriztea, “babes gehien behar dutenentzako” sistema publiko “indartsu” bat sustatzea, sistema publiko hori mantentzeko zerga sistema berria garatzea eta “herritarren alde” lan egingo duen ehun produktiboa bultzatzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.