Ibarretxe planaren aurkezpena Eusko Legebiltzarrean

"Burujabetzaren eta autodeterminazioaren beharra" nabarmendu du Knörrek

Gorka Knör EAko bozeramaileak erabateko babesa eman dio Ibarretxek goizean aurkezturiko proposamenari: "Eszenategi eta garai politiko berri baten aurrean jarriko gaitu proposamenaren eztabaida prozesuak. Orain arte egindako bidea ukatu gabe, aurrera egiteko saioa da, egungo egoera desblokeatzeko ahalegina. Bukatu da erretorikaren garaia, nork bere proposamenak egin eta ahalik eta adostasun zabalena lortu behar dugu".

2003ko irailaren 26a
18:02
Entzun
Eztabaidaren lehentasuna "oinarrizko irizpideen inguruan ahalik eta adostasun maila handiena lortzea da", EAko bozeramailearen ustez: "Eredu politiko berri bat eraiki behar da, egungo errealitateari erantzungo diona. Guztiok dute lekua eredu berri horretan, eta guztiok izan behar dute euren proiektua aurkezteko aukera".

EA bezalako alderdi soberanista, independentista eta sozial-demokrata batentzat proposamenak aurrerabidea esan nahi du, Knörren iritziz: "Hain zuzen ere, ideia guztien errespetuan oinarriturik dagoelako".

Knörrek"autogobernu gehiago" izatea beharrezkoa dela nabarmendu du: "Batzuk hala ez sinistu arren, gizartearen ongizaterako bidea ematen baitu autogobernu gehiago izateak".

"Aurreritzirik gabe, eta inkomunikazioa saihestuz eztabaidatu" behar dela azaldu du EAko bozeramaileak: "Burujabetza nazionala, atodeterminazio eskubidea, eta herri galdeketa beharrezkoak dira. Herri galdeketa demokratikoa ez dela ezin du esan egun bere burua demokratatzat duen inork. Nazionalismo espainiarraren ohiko kontratesiak eta Ibarretxeren proposamena kontrastean jarri behar dira, ondoren herri galdeketa egiteko".

Knörren arabera, "gure herriak etorkizuna dauka eta etorkizuna merezi du. Eta, batez ere, etorkizun horren jabe izatea merezi du".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.