'Cabacas auzia'

'Cabacas auzian' lekuko gisa deklaratzen hasi dira ertzainak, protesta artean

"Non daude inputatuak?", galdetu dute Iñigo Gogoan taldeko kideek Bilboko epaitegiaren aurrean. Aresen jarrera salatu dute, gertaerak argitzeko eskatu dute, eta polizia ereduari buruzko eztabaida abiatzea galdegin diote Eusko Jaurlaritza berriari.

Aitziber Laskibar Lizarribar.
2012ko abenduaren 17a
15:51
Entzun

Zortzi hilabete baino gehiago igaro dira Iñigo Cabacas Athleticen zalea Ertzaintzaren gomazko pilota batek hil zuenetik. Hala ere, gertaerak argitzetik oso urruti dago oraindik. Herrizaingo Sailaren barne ikerketa etenda dago, auzia epaitegiek argitu behar dutela arrazoituta.

Bilboko epaitegiak lekukoen testigantzak jasotzen jarraitzen du. Cabacas hil zuten gertaeren lekuko izan zirenek deklaratu dute orain arte, eta gaur, bertan parte hartu zuten ertzainen txanda iritsi da. Lekuko gisa deklaratu dute ertzainek ere, eta horixe salatu du epaitegiaren aurrean Iñigo Gogoan taldeak; inputaturik ez dagoela.

Ardurak argitu daitezela eskatu dute, eta polizia ereduari buruzko eztabaida mahai gainean jar dezala proposatu dio Iñigo Urkullu buru izango duen Jaurlaritzari.

Cabacasen heriotzaren urteurrena betetzen denerako, omenaldi bat prestatu nahi du Iñigo Gogoan taldeak. Batzar irekia antolatu du horretarako, urtarrilaren 17rako. 19:00etan izango da bilera, Bilboko Ekoetxean, eta bertan parte hartzeko gonbita egin die interesa duten pertsona eta kolektibo guztiei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.