'Cabacas auzia'

'Cabacas auziaren' erantzukizun politikoak argitzeko eskatu du ELA-Ertzaintzak

Iñigo Cabacasen heriotzaren arduradun politikoak jardunean jarraitzea salatu du sindikatuak.

edurne begiristain
2013ko azaroaren 11
16:57
Entzun

Iñigo Cabacasen heriotza dela-eta Ana Torres Bilboko 10. Instrukzio Auzitegiko epaileak lau ertzain inputatu eta gero, oharra kaleratu du ELA-Ertzaintzak. Sindikatuak ertzainen "errugabetasun printzipioa" errespetatzeko eskatu du, eta Eusko Jaurlaritzarko Segurtasun Sailari gertatutakoa argitzeko baliabide guztiak jar ditzala galdegin dio. Halaber, ezinbestekotzat jo du 2012ko apirilaren 5ean gertatutakoaren erantzukizun politikoak zuritzea. Sindikatuak dio "asaldura" eragiten diola Cabacasen heriotzaren arduradun politikoak jardunean jarraitzeak, eta are gehiago horiek ardura berriak izateak. Gaztearen heriotza "lazgarria" modu "negargarrian" kudeatzea egotzi die ELA-Ertzaintzak gertatutakoaren arduradun politikoei.

Ertzaintzaren pilotakada batek Cabacas hil zuenetik urtebete eta zazpi hilabete igaro dira, eta ordaindik argitu gabe dago gau hartan gertatutakoa. Nolanahi ere, ELA-Ertzaintzaren irudiko, kasu hori "mugarria" izan zen Ertzaintzaren egitekoetan, eta harrezkero ezinbestekoa da "gardentasun ariketa" bat egitea hemendik aurrera Ertzaintzak "zilegitasun soziala" berreskura dezan. Gogoratu du, halaber, gomazko pilotekin oldartzeko erabakia aurreko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako "zero tolerantziaren" politikak baldintzatuta egon zela eta gobernu horren ardurapean zegoela erabilitako materiala, ertzainen "formazio eskasa" eta protokolo gabezia.

ELA-Ertzaintzak, bestetik, elkartasuna adierazi die Iñigo Cabacasen senideei eta hurkoei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.