EUSKAL HERRIA

Cabacasen auzian inputatuta dauden ertzainek hilabete amaieran deklaratuko dute

Poliziek deklaratu arte itxaron behar da inputazio gehiago izango diren zehazteko, EAEko fiskal nagusiaren arabera.

Juan Kalparsoro, iazko ekainean. M. D. V., ARP
2014ko urtarrilaren 21a
12:16
Entzun

Iñigo Cabacasen auziaren inguruan mintzatu da Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusi Juan Kalparsoro; azaldu duenez, inputatuta dauden ertzainen deklarazioetara itxaron behar da zehazteko inputazio gehiago egingo dituzten edo instrukzioan zein urrats egingo duten. Jakinarazi duenez, hilabete amaieran deklaratuko dute inputatuta dauden lau poliziek, Bilboko 10. Instrukzio Epaitegian.

"Instrukzio fasean gaude oraindik. Horrek ez du esan nahi gero inputazioak mantenduko direnik, baina, oraingoz, lau ertzain inputatu dituzte", esan du Kalparsorok. Argitu du poliziak inputatuta egoteak ez duela "aurrez juzgurik" egiten, horiek "errugabetasun presuntzioa" dutelako. Edonola ere, aitortu du inputazioa "balizko akusazio baten aurreko urratsa" izan daitekeela.

Kalparsorok ez du eperik jarri instrukzio aldia amaitzeko, aitortu baitu fase hori "azkarrago" igarotzea espero zuela: "Denboran luzatzen ari da, eta zaila da". Ez daki ertzain gehiago inputatuko dituzten: "Garrantzitsua da laurei entzutea, eta, diotenaren arabera, itxaron beharko da erabakitzeko zein beste pauso eman behar den".

Jardun "guztiz desegokia"

2012ko apirilaren 5ean zauritu zuten Cabacas, Athletic eta Shalke 04 taldeen arteko futbol partidaren ostean, Bilboko Maria Diaz de Haro kalean izandako istiluetan, eta hil horren 9an zendu zen, Basurtuko ospitalean. Burezurra hautsita zeukan, eta horrek kalte handia egin zion garunean, baita hemorragia bat ere; hiru egun koman eman ostean, esnatzen saiatu ziren medikuak, baina ordurako ez zegoen jardunik Cabacasen garunean. Ertzaintzak botatako pilotakada batek buruan jota hil zen gaztea.

Ertzaintzaren jarduna "guztiz desegokia" izan zela uste du Kalparsorok, baina zehaztu du horrek ez duela esan nahi deliturik dagoenik: "Akats bat edo istripu bat gertatu izan liteke".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.