Athleticek UEFAko kanporaketa jokatu ondoren, Ertzaintza oldartu, eta gomazko pilota batekin zauritu zen Iñigo Cabacas; egun gutxira hil zen. Duela sei hilabete jazo zen. Urte eta erdi igaro denean, Bildu koalizioaren Bilboko udal taldeak atzo salatu zuen heriotza eta erantzukizun politikoak argitzeko daudela.
Txema Azkuenaga bozeramaileak egoera deitoratu zuen, eta salatu zuen borondaterik ere ez dutela sumatzen: «Gaur da eguna oraindik jendarteak ez duena ezagutzen nortzuk diren Iñigo Cabacasen heriotzaren arduradunak, jaurtitzeko agindua nork eman zuen eta nork hil zuen».
Rodolfo Aresen jarrera ere gogor kritikatu zuen Azkuenagak; Herrizaingo Saila utzi eta PSE-EEren hauteskunde kanpaina lehenetsi izana leporatu zion. Bildurentzat, jarrera horrek agerian uzten du «justizia egiteko Aresen zein PSE-EEren borondaterik eza».
Idoia Mendia, «bide beretik»
Aresek kargua utzi arren Herrizaingo Sailean aldaketarik ez dela izan uste du Azkuenagak. Aitzitik, Idoia Mendia «bide beretik» doala ikusten du, Cabacasen heriotzaren ikerketan urratsik egiteko nahirik gabe. Jarrera aldatu eta lehenbailehen lanari ekiteko eskatu zion atzo Mendiari Bilduk, arduradun guztien izenak ahalik eta lasterren mahai gainean jar ditzan eta polizia ereduaren inguruan «eztabaida sakona» has dezan.
Izan ere, Cabacasen heriotza gertatu eta urte erdira Ertzaintzak pilotak jaurtitzen jarraitzen duela salatu zuen Bildu udal taldearen bozeramaileak; irailaren 26ko greba orokorrean, adibidez, hala gertatu zela gogorarazi zuen.
Cabacasen heriotza argitzeko dagoela salatu du Bilduk
Txema Azkuenaga: «Agerian geratu da justizia egiteko Aresen eta PSE-EEren borondaterik eza»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu