'CABACAS AUZIA'

Cabacasen heriotzak erantzukizun politikoak dituela uste du EAJk

Auziaren "opakotasuna" kritikatu du EH Bilduk, eta gaia "zaila" dela esan du PSEk. "Behingoagatik" EH Bildurekin ados dagoela azaldu du PPk.

2013ko apirilaren 6a
12:47
Entzun

Atzo bete zen urtebete Iñigo Cabacas gaztea Ertzaintzaren pilotakada batek zauritu zuela, eta urteurrenaren harira hizketan izan dira Eusko Legebiltzarreko lau taldeetako ordezkariak Radio Euskadin. EAJko Gipuzko Buru Batzarreko presidente Joseba Egibarren iritziz, Cabacasen heriotzak "erantzukizun politikoak" ditu, "zerbitzu publikoen jardun" baten ondorio izan baitzen heriotza. Hortaz, ordezkari politikoek "ahalik eta erantzun gardenena eta azkarrena" eman behar dutela azaldu du.

Egibarren ustez, Cabacasen heriotza ez zen "inork diseinatua" izan, "baina ondorioa hori izan da. Jarduera ez egoki baten ondorio izan da", esan du, eta gaineratu: "Ardura profesional bat egongo da, baina badago erantzukizun politiko bat ere". Halaber, proposatu du "larritasun berezia" duten gaietan ikerketa batzorde "independente" bat osatzea.

EH Bildu

Oskar Matute EH Bilduko legebiltzarkidearen arabera, "ez da ongi jardun", eta erantsi du Cabacas zauritu zuten gauaren ondorengo egunetan Ertzaintzak argudiatutako arrazoi batzuek ez dutela funtsik. Auziaren "opakotasuna" salatu du, Rodolfo Ares orduko Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak ezik, "inork" ez baitu justifikatzen Ertzaintza gau hartan oldartu izana.

"Familiak eskatzen duena egia, justizia eta hain gertaera dramatikoa ez errepikatzeko neurriak hartzea da", esan du Matutek. Auzia "zulo beltz" batean bihurtu dela uste du, eta gaineratu du "maila guztietan erantzukizunak argitu" behar direla.

PSE

Jose Antonio Pastor PSE-EEko legebiltzarkideak beharrezkotzat jo du argitzea ikerketa ez dagoela "geldirik", uste baitu zalantza hori zabaltzen saiatu direla ordezkari politiko ugari. Ildo horretan, gogorarazi du Jone Goirizelaia Cabacas zenaren familiaren abokatuak berak esan duela ikerketak aurrera jarraitzen duela baina "konplexua" dela.

Gaia "zaila" dela azaldu du Pastorrek, baina epaileek eta fiskalek euren lana egin behar dutela gehitu du.

PP

Anton Danborenea PPko legebiltzarkideak, berriz, esan du "behingoagatik ados" dagoela EH Bilduk dioenarekin, eta defendatu du familiak "egia eta justizia" izateko eskubidea duela. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.