'CABACAS AUZIA'

Cabacasen heriotzaren ondoren emandako aholkuak ez betetzea egotzi dio Arartekoak Jaurlaritzari

Iñigo Lamarcak bukatu du Iñigo Cabacas eta Xuban Nafarrateren auziez hasi zuen txostena. Ondorioztatu du barne ikerketa egiteko premiaz eta indarraren erabilera kontrolatzeko beharraz egindako gomendioak ez dituela bete Jaurlartitzak. Auziak ikertzeko eskumenik ez duela erantzun dio Idoia Mendiak.

2012ko abenduaren 4a
12:31
Entzun

Batik bat barne ikerketari eta indarraren erabilerari dagokionez Ertzaintzak zer neurri hartu dituen jakin nahi izan du Lamarcak. Era berean, argitu nahi izan du zer neurri hartu diren horrelako gertakari larririk berriro gerta ez dadin.

EAEko Arartekoak kaltegarritzat jo du Eusko Jaurlaritzaren Herrizaingo Sailak lagundu ez izana, "ez baitio eman Arartekoari ardura zitzaizkion gaien gaineko informazio nahikorik eta, hortaz, ez baitu bete erakunde honekin lankidetzan aritzeko duen legezko betebeharra".

Lamarcak ontzat jo du Iñigo Cabacasen heriotza argitzeko ikerketa "azkar" abiatu izana. "Hala ere, ez da justifikatu ikerketa hori alderdikeriarik gabea izan ote den, ezta horren edukia gertakariak argitzeko egokia eta nahikoa izan ote den ere", dio arartekoak. Gainera, ohartarazi du ikerketa bertan behera utzi zela instrukzio judiziala hasi zenean, eta erabaki hori ez dagoela behar bezala justifikatuta. Xuban Nafarrateren kasua ere hizpide izan du Lamarcak; "Inon ez dago idatziz jasota ikerketarik egin denik ere".

Gehiago dio Lamarcak: "Herrizaingo Sailak ez du justifikatu bi polizia jarduera horietan baliatutako istiluen kontrako materiala erabiltzean egokitasun, premia eta proportzionaltasun printzipioak bete ziren". Justifikazio falta horrek ondoko ondorioa aterarazi dio: ez direla bete erakunde honek barne ikerketa egiteko premiaz eta indarraren erabilera kontrolatu beharraz egin zituen gomendioak.

Arartekoak polizia arduradunei eskatu die berriz has dezatela Iñigo Cabacas zauritu zuten polizia jarduerari buruzko ikerketa. "Oraindik halakorik egin ez badute, Xuban Nafarrate zauritu zutenean burututako jarduera ere ikertu behar dute. Bi kasuetan, ikerketak sakona, zehatza eta alderdikeriarik gabea izan behar du, eta kaltetutako bi familiei informazio zehatza, ahalik eta xehetasun gehienekoa eman behar zaie Poliziaren esku hartzeen gainean".

Eskumenik ez, Mendiaren esanetan

Ikerketan sartzeko eskumenik ez duela erantzun dio Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako Barne, Justizia eta Administrazio sailburuak Lamarcari. Bere jarduera errespetatzen duela azaldu du, baina erantsi du auziaz zigor prozedura bat zabalik dagoela, eta epaitegiei dagokiela gertatutakoa ebaztea. Halaber, ohartarazi du zigor prozedura bat zabalik den artean gainontzeko espedienteak eten egiten direla, eta martxan dena amaitzerakoan berriz ekingo dietela beste prozedura batzuei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.