Caballito

Caballitoko gatazka gainditzeko akordioa lortu duela dio UGTk

UGT sindikatuak Pferd Ruggeberg Caballito enpresan duela zortzi hilabete bizi den gatazka gainditzeko zuzendaritzarekin proposamen bat adostu duela iragarri du. Itunaren arabera, enpresak enpleguari eutsiko dio 2006 urtea arte, eta bertan behera geratuko lirateke greban parte-hartu duten langileen aurkako zigorrak eta kaleratzeak. Hala ere, Caballiton gehiengoa duen ELA sindikatuak ez dela akordio horren aldekoa esan du. Orain, batzar orokora egingo dute grebalariek, eta akordioa onartzen duten edo ez erabaki beharko dute.

2004ko uztailaren 2a
19:40
Entzun
Langileen Batzordeko bederatzi kideetatik bakarra du UGTk. Batzordeko presidenteak, Joseba Lezak, UGTren proposamenaren berri jaso zuen atzo goizean, eta ez zuen edukia aztertu nahi izan. Aurretik batzordea osatzen duten sindikatuak bilduko dira, eta datorren asteartean grebalarien batzar orokorra deitzeko asmoa dute proposamenari buruz eztabaidatzeko.

Duela zortzi hilabete Caballitoko 140 langilek greba mugagabea abiatu zuten, enpresa lekualdatzearen ondorioz kaleratzerik ez egotea exijitzeko. Orain arte batzordeko sindikatu guztiak - ELA, LAB, ESK, LSB, UGT eta UTL - bat etorri dira estrategian, eta batasun hori hautsi du UGTk, bere kabuz zuzendaritzarekin negoziatzerakoan.

Sindikatuak azaldu duenez, Caballitoko jabeek produkzio gehiena Europako Ekialdera eramango zutela iragarri eta gero jarri ziren harremanetan enpresarekin, «erabaki horren benetako garrantzia neurtzeko». UGTk zehaztu duenez, itunak enpresaren oniritzia du, eta greba eragin zuten arrazoiei «irtenbidea» ematen die.

Akordioaren arabera, enpresak 2006 urtea amaitu arte enpleguari eusteko konpromisoa hartzen du, eta, langileak soberan izanez gero, ez ditu disziplina kaleratzeak erabiliko.

Halaber, greban izandako zigor eta kaleratzeak bertan behera utziko lituzke enpresak. Ez du, ordea, produktibitate eskasa argudiatuta kaleratutako bi emakumeen kasua jasotzen. Grebalariek ezinbestekotzat jo dute biak berriro hartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.