GIZARTEA

Cabezudo argazkilaria, epaitegian

Sexu abusuengatik salatua dute Donostiako argazkilaria hamasei emakumek. Kartzelatzeko eskatu du akusazioak. Epaileak arratsaldean emango du ebazpena.

Kote Cabezudo, Donostiako epaitegira iristen. JUAN CARLOS RUIZ, FOKU
Garikoitz Goikoetxea.
2018ko maiatzaren 4a
17:51
Entzun

Informazio gutxi zabaldu da orain arte, komunikabideetan gaiak ez du presentzia handirik izan, baina bost urte eta gehiago dira Donostiako epaitegia Kote Cabezudo argazkilariaren kontrako salaketak jasotzen hasi zela. Harekin lan egindako emakume batzuek salatu dute. Instrukzio luzea izan du kasuak —ixteko dago oraindik—, eta gorabehera eta desadostasun ugari izan dira bidean. Azkeneko, instrukzioko epailearen aldaketa: salatzaileetako batzuen abokatuak maiz jo du epailearen erabakien aurka, eta salaketa horietako bat tramiterako onartu du EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak. Ondorioz, erabakia iritsi bitartean, orain arteko epailea instrukziotik kanpo geratu da.

Cabezudo bera kalean dago oraingoz, baldintzapeko neurriekin. Gaur egin dute saioa epaitegian, eta kartzela eskatu du akusazioak. Orain artekoetan ere eskari bera egin du, eta ez diote onartu. Epaileak arratsaldean emango du ebazpena. Epaitegi atarian elkarretaratzea egin dute, talde feministen babesarekin. Abusuak jasandako emakume baten lekukotasuna argitaratu du BERRIAk asteon.

Donostiako laugarren instrukzio epaitegiak hartu zuen argazkilariaren aurkako lehen kereila, eta gainerakoak ere haren esku geratu dira. Hala ere, epaitegi horretatik kanpo ere izan dira mugimenduak; besteak beste, epailearen aurkako kereila eraman dute EAEko Auzitegi Nagusira, argazkilariaren aurkako auzia Espainiako Auzitegi Nazionalera bideratzen saiatu dira, eta Espainiako Fiskaltza Nagusian ere idazki bat aurkeztu dute, tartean pertsona ezagun batzuen izenak emanez. Oraingoz, bi auzibide daude zabalik: bat, Donostiakoa, Cabezudoren aurkakoa; bestea, Auzitegi Nagusikoa, Donostiako epailearen aurkakoa.

Auzitegietako iturriekin eta eskuratutako dokumentuekin, Cabezudoren auziak epaitegietan daraman bidea aztertu du BERRIAk.

Noiz ireki zuten kasua? Donostiako epaitegiak 2013ko urtarrilaren 13an jaso zuen lehenbiziko kereila. Cabezudok argazkiak egin zizkion emakume batek jarri zuen, hiru delitu egotzita: iruzurra, sekretuak agerraraztea eta irain egitea. Laugarren instrukzio epaitegiak hartu zuen kereila hura, Ana Isabel Perez Asenjo epaileak. Handik zortzi hilabetera, irailaren 25ean, zabaldu egin zuten kereila: beste hiru salatzaile. Delituen zerrenda ere handitu egin zen. Aurreko hirurekin batera ageri zen beste bost delituren akusazioa: mehatxuak, sexu abusuak, haur pornografia produzitzea eta zabaltzea, adingabeak galbidean jartzea eta bortxaketa. Martxan zen 684/2013 sumarioa. Bortxaketa bat ageri da salaketan. Horrez gain, akusazio nagusia da Cabezudok modelo aritzen ziren emakumeei eraso egin ziela: argazki erotikoak ateratzera bultzatzen zituela, Interneten jarri zituela irudi horiek, eta adingabeekin ere egin zuela hori.

Bost urteko bidean emakume gehiagok bat egin dute kereilarekin: hamar emakume daude kereilan oraingoz, iturri judizialen arabera. Nolanahi ere, mugimenduak izan dira azken asteetan, batik bat Mario Diez Fernandez akusazioko abokatuak sare sozialetan salaketa bideo bat egin ostean; jakinarazi du beste sei kereila jarriko dituela datozen egunetan.

Zertan dago oraintxe? Auzitegiko iturriek azaldu dutenez, proba bat baino gehiago egin dituzte instrukzioan. Orain arte, bederatzi aldiz deklaratu du argazkilariak epailearen aurrean, lekukoei 21 testigantza hartu dizkiete —batzuk, bideokonferentzia bidez—, eta kaltetuei 11 deklarazio hartu dizkie epaileak. Horiekin batera, perituek parte hartu dute: bi alditan deklaratu dute, aldeek hiru txosten aurkeztu dituzte, eta 11 txosten eskatu dizkiete Ertzaintzari eta Espainiako Poliziari.

Iturri ofizial horien arabera, azken urratsetan dago kausa: peritu proba bat falta da jasotzeko. Akusazio partikularraren esku dago.

Argazkilaria non dago? Kalean. Bederatzi aldiz hartu dio epaileak deklarazioa, eta akusazioko abokatuak bederatzi aldiz eskatu du Cabezudo behin-behinean kartzelara sartzeko, baina epaileak atzera bota du eskaria. Kasu guztietan helegitea jarri du akusazio abokatuak, baina libre uzteko erabakia berretsi du Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak. Baldintzapean dago: hamabostean behin epaitegira joan behar du, eta pasaportea kendua diote.

Zer gertatu da epailearen eta akusazioaren artean? Argazkilaria behin-behinean espetxeratzeari buruz bakarrik ez, beste kontu batzuei buruzko desadostasunak izan dituzte epaileak eta akusazioko abokatuak, eta, areago, epailea bera auzitara eraman du abokatuak. Lehen salaketa 2015eko apirilean jarri zion, bi delitu egotzita: prebarikazioa eta asmo txarrez prozedura atzeratzea. EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota zuen kereila hura, eta abokatuak jarritako helegitea ere bai. Kereila zabaldu zuen berehala abokatuak, berriro kasua ireki nahian, baina atzera bota zioten.

Joan den azaroaroaren 16an jo zuen abokatuak berriro epailearen aurka. Kereila bat jarri zuen, bi delitu aipatuta: prebarikazioa eta delituak pertsegitzeko eginbeharra ez betetzea. Azken delitu horren salaketa tramitera onartu zuen Auzitegi Nagusiak martxoan. Hau da akusazioa: Perez Asenjo epaileak Cabezudo argazkilariari agindu ziola ken zitzala salatzaileen argazkiak eta bideoak Internetetik, baina gero ez zuela ziurtatu agindu hori bete zuenik.

Epailea aldatu egin dute? Bai. EAEko Auzitegi Nagusiak tramiterako onartu zuenez instrukzioko epailearen aurkako salaketa, biharamunean bertan epaile horrek uko egin zion kasuan jarraitzeari —hala egin beharra zeukan, Botere Judizialaren Lege Organikoaren arabera—. Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak onartu egin zuen uko egite hori. Hortaz, instrukzioa lekuz aldatu da: laugarren epaitegitik, hirugarrenera. Julian Garcia Marcos da epailea. Martxo amaieraz geroztik, epaile hori ari da instrukzioa jarraitzen. Edonola ere, Perez Asenjo epaileak helegitea jarri dio Auzitegi Nagusiaren erabakiari. Iturri judizialen arabera, epaileek datozen egunetan hartuko dute erabakia.

Badago beste auzibiderik? Ez, nahiz eta abokatua saiatu den. Duela urtebete, iazko otsailean, Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara jo zuen, baina ez du biderik egin oraingoz. Zergatik Auzitegi Nazionalera? Sin Filtros hedabideak berri eman zuen Cabezudok Gipuzkoan bezala Senegalen ere egin zituela abusuak, eta adingabeak zeudela tartean. Hori ikertzeko eskatu zion akusazioko abokatuak Donostiako epaitegiari. Fiskaltzak, ordea, ohartarazi zuen Senegalgo eraso horiei buruzko ikerketa Donostiako epaitegiaren eskumenetik kanpokoa dela, eta epaileak Auzitegi Nazionalera bidali behar lukeela kasua. Sestra zabaldu zen orduan Perez Asenjo epailearen eta Jorge Bermudez fiskalaren artean: fiskalak epaileari adierazten zion Auzitegi Nazionaleko fiskaltzara bidali beharko lukeela Senegali buruzko salaketa; epaileak, berriz, ezetz, eta, izatekotan, bidaltzeko berak. Egoera hori ikusita, bata besteari ari zirela gaia pasatzen, akusazioko abokatuak berak aurkeztu zuen idazki bat Auzitegi Nazionaleko fiskaltzan 2017ko otsailean. Oraingoz, ez du erantzunik jaso.

Fiskaltza Nagusira orain? Azken urratsa ere Madrilen egin du Mario Diez akusazioko abokatuak: idazki bat bidali du Espainiako Fiskaltza Nagusira. Salaketa zehatzak baino gehiago, kontakizun bat egin du agiri horretan. Babespean dituen pertsona batzuek kontatutakoa bildu du dokumentuan. Abokatuaren arabera, pertsona horietako batek azaldu dio gaztetxoak «erakartzeko» sare bat zegoela Donostian, hainbat pertsona ezagun kide zituena.

Idazki horretan, gainera, abokatua kexu ageri da Gipuzkoako justizia —fiskaltza ere bai— Cabezudoren kasuan izaten ari den jokabidearekin. Otsailaren 15ean igorri zuen dokumentua Madrilera. Sin Filtros-ek eman zuen horren berri. Berehala ohar bat atera zuen Fiskaltza Nagusiak: jakinarazi zuen Gipuzkoako Fiskaltzara bidali zuela agiria, haren esku dagoelako ikerketa. Fiskalak berriro eskatu zion epaileari ken ditzala Interneteko argazkiak eta bideoak, batzuk eskuragarri baitzeuden artean —«zailtasun teknikoak» aipatu zituen fiskaltzak—. Epaileak berriz eman du agindua.

Odon Elorza, salatua? Fiskaltza Nagusira bidalitako agiri horretan ageri da Odon Elorza Donostiako alkate ohi eta PSOEko diputatuaren izena. Beste pertsona batzuei buruzko erreferentzia batzuk ere badira, baina ez dituzte ezagutarazi. Salaketa formalik ez dago, eta hori nabarmendu du fiskaltzak. Diez abokatuak lekuko babestu baten izenean egindako kontakizunean ageri da Elorzaren izena: gaztetxoak «erakartzeko» sare bateko kide zela alkate ohia. Areago, Donostiako Udaletik talde hori bultzatu zuela aipatu dute.

Elorzarekin harremanetan jarri da BERRIA. Alkate ohiak erabat gezurtatu ditu salaketak: «Ez naiz inoiz egon halako ezertan. Inoiz ez». Cabezudorekin harremanik ba ote zuen galdetuta, ezetz dio: «Ekitaldi gutxi batzuetan topo egin genuen, eta bistaz ezagutzen nuen. Baina inoiz ez nuen izan erlazio pertsonal edo komertzialik».

Abokatuaren idazkiaren ondoren ez du jaso deialdirik edo gisakorik ez epaitegitik, ez fiskaltzatik. Kaltea egina dagoela uste du, hala ere: «Ohorea izorratu didate». Sin Filtros-ek jakinarazi zuen Elorzaren izena ageri dela abokatuaren dokumentuan, eta Elorzak kereila jarri dio zuzendariari, Melchor Mirallesi. Madrilen aurkeztu du salaketa; abokatuaren aurka jotzea ere aztertzen ari da.

Zein da hurrengo pausoa? Gaur epaitegian izan dira aldeak, eta Cabezudoren egoera izan dute hizpide. Akusazioko abokatuak kartzela eskatu du berriro. Ohartarazi du leporatu dizkioten delituak larriak direla, eta, areago, orain arte ez diela jaramon egin epaileak emandako aginduei —argazkiak eta bideoak erretiratzea—.

Orain arteko saioetan ere eskari hori bera egin du akusazioak, baina ez da aurrera atera. Oraingoan, ordea, badira berritasunak: beste epaile bat izan da saioaren burua.

Badaude kasu gehiago? Bai. Abokatuak jakinarazi du izan duela kasu gehiagoren berri, harekin harremanetan jarri direlako pertsona horiek azken asteetan; horietako bat da gaur kazeta honetan testigantza eman duen andrea. 30 bat lagunen berri baduela esan du abokatuak, eta gutxienez hamaseik jarri dutela salaketa. BERRIAk kontsultatutako iturriak ere bat datoz kasu gehiago agertuko direla datozen asteetan. Gogoan izatekoa da sexu abusuekin lotutako kasuetan ohikoa dela biktimen isiltasuna, harik eta ikusi arte eurena ez dela kasu bakana, baizik gehiagok ere jasan dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.