Urumeak gainezka egin du Hernanin (Gipuzkoa), Cadaguak Alonsotegin eta Gueñesen, Ebrok Ribaforadan, eta Zadorrak Gasteizen. Ebro Castejon inguruan alertan dago, emari handia izan duelako egun osoan. Horrez gain, euriteen ondorioz Hondarribian luizi bat gertatu da. Nafarroan, Ebroren emariagatik Fustiñana eta Ribaforada lotzen dituen errepidea itxita dago. Gasteizko beste hainbat lekutan ere Zadorrak gainezka egiteko zorian dela adierazi dute, zehazki Astegietan, Abetxukun, Elorriagan eta Arkautin. Horrez gain, Esan hainbat etxebizitza hustu dituzte euriteen ondorioz.
Zadorra ibaiaren emaria aztertzen ari dira, Gasteiz inguruan. Azken egunetako euriteen eta datozen egunetarako iragarpenen ondorioz erabaki dute Ulibarriko urtegian segundoko 30 metro kubo ur hustea, Abetxukuko Zadorraren ur maila nabarmen jaitsi dela antzeman arte. Momentu horretatik aurrera, 45 metro kubo botatzeko eskatuko dio Zadorraren sistemaren jarraipeneko erakundeak.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Herediak jakinarazi du uholde arriskuen larrialdi aurreko egoera aktibatu dutela Cadaguan (Bizkaia). Goizean egoera egonkortuta zegoela eta errekaren emaria ere egonkorra zela adierazi du, baina, euriak gogor joko duela espero dutenez, kontrol maila igotzea eta erreken mailari jarraipena egitea aholkatu dute. Orain alerta egoera maila laranjara igo dute, eguraldiak okerrera egingo duela espero dutelako.
Elurra nagusi Araban eta Nafarroan
Araban eta Nafarroan elurteak dira arazoa. Arabako Opakua, Herrera, Zaldiaran eta Gasteizko mendateak itxi dituzte, elurteengatik. Nafarroan, elurra gaur 300 metrotik gora egitea espero dute. Horregatik, errepideetan elurra kentzeko 95 makina jarri dituzte lanean. Bide nagusiak ez, baina bigarren mailako sei errepide itxi dituzte gaur Nafarroan elurteengatik, eta uholde arriskuagatik beste bost. Eta Pirinioetako hainbat herritan elurra mara-mara aritu zuen. Gaurko ere antzeko egoera espero dute.
Bihar arte egoera antzekoa izango dela jakinarazi du Euskalmetek. Bihar arratsalde gau partean eguraldiak hobera egingo duela adierazi du.