Hondakinak

Caixaren eta Banestoren aurka salaketa jarri du GHK-k

Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoak auzitara eraman ditu bi banku pribatuak eta Price Waterhouse aholkularitza etxea. 'Swap' produktuengatik hilean 400.000 euro pagatzera behartzen dutela azaldu du GHK-k.

mikel p ansa
2013ko maiatzaren 31
13:18
Entzun

Azkenean auzitegirako bidea hartu du GHK Gipuzkoako Hondakinen Kudeaketa sozietate publikoak. Caixa eta Banesto bankuen eta Price Waterhouse aholkularitzaren aurkako salaketa aurkeztu du gaur eguerdian, Donostiako auzitegian; haiekin sinatuak zituen swap produktuetan "gehiegikeria" sumatu du sozietateak.

Juan Karlos Alduntzin GHK-ko presidente ohiak eman zuen swap kontratu horien berri, aurtengo otsailean. Zubietako errauste planta finantzatzeko, Caixa eta Banesto bankuekin maileguak hitzartu zituen GHK-k 2011n. Guztira, 67,5 milioi euroko mailegua zen.

Baina, mailegu hori estaltzeko, produktu espekulatzaile batzuk sartu zituzten akordioan. Haien ondorioz, GHK sozietateak, gaur egun, 125 milioi euro itzuli behar dizkie bankuei.

Bi banku horiek egin zuten mailegua errauste planta eraikitzeko lanetarako zen, baina GHK-k ez du mailegua baliatu, lanak eten zituelako. Berez, 9,8 milioi euro soilik erabili ditu mailegu hartatik.

Hala ere, swap horiek direla medio, erabiltzen ari ez zen maileguaren zatiagatik, hilean 400.000 euro pagatzen ari da GHK. Erabiltzen ari ez den mailegu batengatik ordaintzera behartzea "gehiegikeria" dela eta diru publikoa gaizki erabiltzea dela argudiatu du sozietateak.

"Hipotesi baten gainean egindako kontratua zen, eta errauste planta egin edo ez egin berdin ordaindu beharko zela ezarri zuten", azaldu zuen Alduntzinek otsailean.

Mailegua, erabili edo ez, erabiliko balitz bezalako kronograma bat egin zuten, eta swap horiek kronograma horien arabera kobratzen dituzte, denbora pasa ahala hileroko kuota garestiago dela gainera.

Iazko udan bi banku pribatu horiekin swap-en ordainketari buruz negoziatzeari ekin zion GHK-k. Negoziazioek aurrera egiten ez zutenez, hileroko ordainketak gelditzeko agindu zuen GHK-k azaroan.

Bankuek, hala ere, maileguaren itzulketak kobratzen jarraitu dute. Dagoeneko bi milioi euro kobratu dizkiote GHKri, swap horiek direla medio.

Otsailean egoeraren berri eman zuen GHK-k, prentsaurreko batean. Negoziazioek aurrera egin ezean, bankuak auzitara eramateko prest agertu zen sozietate publikoa.

Gaur, 12:00etan, Donostiako auzitegian aurkeztu dute Caixa eta Banestoren aurkako salaketa. Price Waterhouse aholkularitzaren aurka ere aurkeztu du salaketa, haren gomendioekin sinatu baitzituzten akordioak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.