USTELKERIA PP-N

Calixto Aiesak azaldu du berarentzat zela Del Burgoren izenean agertutako ordainketa

Jaime Ignacio del Burgo PPNko diputatu ohiak aitortu zuen dirua jaso izana, baina Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari ohiak atzo zehaztu zuen berarentzat zela diru hori, 1991n Nafarroako Gobernuan sartzeko dermatologia kontsulta utzi behar izateak ekonomikoki eragin zizkion "kalte larrien" ordainetan.

2013ko otsailaren 4a
12:03
Entzun

El País egunkariak Luis Barcenas PPko diruzain ohiaren agirietan oinarrituta argitaratutako informazioaren arabera, Jaime Ignacio del Burgo PPNko diputatu ohiari 3.900.000 pezeta —23.439,7 euro— ordaindu zizkion PPk ezkutuan. Del Burgok berak onartu zuen diru hori jaso izana, baina Calixto Aiesak atzo jakinarazi zuen diru hori berarentzat zela eta Del Burgok jasotzen ziola Madrilen.

Ohar bat plazaratu zuen atzo Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilari ohiak. Haren arabera, 1991n Nafarroako Gobernua osatzeko akordio bat egin zuten PPNk eta UPNk, eta Aiesa proposatu zuen PPNk gobernuko kide izateko. Horrek, Aiesaren beraren esanetan, dermatologia kontsulta uztera behartu zuen, eta ekonomikoki "kalte larriak" eragin zizkion.

Hortaz, PPk erabaki zuen "behin-behineko konpentsazio" bat ematea, egoera berrira egokitzen zen artean. Aiesak argitu du diru hori jasota ez zutela egin inolako arau hausterik.

Bestalde, ustezko ezkutuko ordainketa kasuen ekaitz betean batzartuko da gaur Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidentea Angela Merkel Alemaniako kantzilerrarekin.
 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.