Antonio Camacho Espainiako Barne ministroaren arabera, ez dago zantzu bakar bat ere Frantziako matrikulen lapurreta ETArekin lotzeko. Pauetik gertu ehunka matrikula lapurtu zituzten irailaren 5ean, auto salmentako denda batetik, eta SER irrati kateak atzo zabaldu zuen ETAko kideek egin zutela lapurreta. «Poliziak eman didan azken informazioaren arabera, aurrera daramaten ikerketan ez dago elementu bakar bat ere lapurretaren egilea talde terrorista izan dela esateko. Frantziako polizien hipotesia da gaizkile komunak izan direla».
Camachoren aurretik Frantziako Poliziak ere esan zuen atzo beraien tesia ez dela lapurretaren egileak ETAko kideak zirenik. Justo Zambrana Espainiako Estatu idazkariaren arabera, duela egun batzuk jakinarazi zien lapurretaren berri Frantziak, «terrorismoaren kontrako borrokari» buruz ari zirela.
Lapurtutako matrikulak Frantziako matrikula eredu berrikoak dira, hiru digituetakoak, polizia iturrien arabera. Paue ondoan izan zen lapurreta, Lonsen, autoen tailer batean.
ETAk aurtengo urtarrilean su-eten egiaztagarri, iraunkor eta orokorra aldarrikatu zuen. Iazko irailaren 5ean jakinarazi zuen «eraso ekintza armaturik ez burutzeko erabakia» hartua zuela.
Camachok esan du matrikulen lapurreta ezin zaiola ETAri egotzi
Hilaren 5ean ehunka matrikula lapurtu zituzten, Paueko auto salmentako denda batetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu