CANen operazioa —CaixaBank-en sartu da—, krisia eta murrizketak, Mugitu! taldeko kideek Yolanda Barcina Nafarroako Gobernuko lehendakariari botatako tarta, Riau-riaua eta Nafarroako konkistaren 500. urteurrena gaitzat hartuta, sanferminetan Iruñeko kaleetan gora eta behera ibiliko diren pankartak aurkeztu dituzte gaur peñek.
Hiru lagunen aurpegiak dira gehien errepikatzen direnak: Barcinarena, Enrique Maya Iruñeko alkatearena eta Juan Carlos Borboikoa Espainiako erregearena.
Txupinazorako astebete falta dela egin du Iruñeko Peñen Federazioak pankarten aurkezpena, Alde Zaharrean, Bullizio peñaren egoitzan.
Marrazkiak bereziak dira aurten, esku asko aritu direlako lanean. Azkeneko urteetan bi marrazkilari izan dira pankartak egiteaz arduratu direnak baina, horrek eskatzen zuen ahalegin izugarriaz ohartuta, herritarrei parte hartzera deia zabaldu zieten peñek. Guztira, 11 marrazkilari bildu dira. Erantzunarekin oso pozik agertu dira antolatzaileak.
Aurtengo sanferminetan bi berrikuntza nabarmendu dituzte. Zezenketak hasi aurreko lehendabiziko abestia Eurovision jaialdikoa izan da azkeneko urteetan, baina konkistaren harira aldatzea erabaki dute, eta hasierako zezenketetan erabiltzen zena berreskuratzea: Gorteen ereserkia.
Antzinako dantza bat ere berreskuratu nahi dute peñek: Pilindros jota, zezenketak bukatzean plazaren erdian dantzatzeko.
Jai ezagunak iritsi bitartean, peñen eguna ospatuko da larunbat honetan. Egun osorako ekitaldiak antolatu dituzte Iruñeko Alde Zaharreko Santa Ana plazan.