Kontuz-en salaketa batetik abiatuz, Espainiako Poliziak CANeko zuzendaritzan izan direnen ondarea ikertuko du, 2005etik. Kontuz-ek Miguel Sanz presidente ohia eta Enrique Goñi CANeko zuzendari ohia salatu zituen, baina Espainian ekonomia eta fiskalitate delituak ikertzen dituen poliziak, horiez gain, zuzendaritzan izan diren beste hamasei lagun ikertzen ari da. Horien artean daude Nafarroan agintean izan diren hainbat polikari, UPN, PSN, PP eta CDNkoak, baita Juan Luis Sanchez de Munian ere, Nafarroako Parlamenturako UPNren zerrendako bosgarrena.
UDEF Poliziak eskaera bat bidali dio Eloy Velasco Auzitegi Nazionaleko epaileari, eta galdegin dio Espainiako Ogasunari eskatzeko CANeko Administrazio Kontseiluko hemezortzi kideen ondasuna zein den. Nafarroako Ogasunak eman beharko du, ordea, horren berri kasu gehienetan. Ikertuek euren ondarea zein den azaldu beharko dute, eta horrekin batera baita euren senideen zein den ere. Ondarea handitu badute, nola egin duten azaldu beharko dute.
Hauteskunde kanpaina erdian kolpe gogorra eman dio Poliziak azken urteetan Nafarroan agindu duten sektoreei. Polikariez gain, ekonomia arloko hainbat daude, hala nola, Jose Luis Erro Volkswageneko zuzendari ohia, Jose Maria Zarranz Nafarroako Industria Elkarteko ordezkaria CANen, Francisco J. Martinena Nafarroako Enpresarien Konfederazioko idazkari nagusia eta Marta Gonzalez UGTko ordezkaria.
Hamasei laguneko zerrenda osatzen dute Jaime Montalvo Ekonomia eta Gizarte Kontseiluko ordezkariak, Eugenio Simon Acosta finantza zuzenbidean katedradunak, Carme Alonso Espainiako Bankuko kontseilari eta markataritza zuzenbidean katedradunak, Juan de Esteban langileen ordezkariak, Maria Santos Indurain bezeroen ordezkariak eta Concha Osacarrek (Alonso ordezkatu zuen 2011n).