Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaria elkarrizketatu du Europa Press berri agentziak. Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Planaz eta Donostiako Udalaren Bake Konferentziaz mintzatu da.
Urkijoren aburuz, Bake eta Bizikidetza Planak ez du oinarri “etikorik”: “Hitz egin den oinarri etikoa ez da existitzen. Sortuk ez du banda terrorista eta biolentzia kondenatu”. Gaineratu duenez, plan hori “gehiago makurtzen da Sorturen asmoetara eta agendara, interes demokratikoetara baino”.
Bake eta Bizikidetza Planaren “sustraia guztiz okerra” dela adierazi du Urkijok, eta ondorioz, “ezer gutxirako balio” duela. Horren inguruan PPk hartu duen jarrera txalotu du: “Alderdi Popularra beti egon den tokian dago: legearen eta zuzenbide estatuaren defentsan”.
Bake Konferentzia, “propaganda hutsa”
Donostiako Udalak urrian Bake Konferentzia antolatu du, eta horren helburua azken 50 urtetan gertatutakoa aldatzea da, Urkijoren arabera: “Talde terrorista batek, gutxiengo batengatik babestuta, armen bitartez proiektu totalitario bat inposatu nahi izan du”. Bake Konferentziarekin hori “faltsutu” nahi dela salatu du.
Horren adibide gisa jarri du Aieteko Konferentzia. Urkijok azaldu duenez, gauza bera egin nahi izan zen bertan: “Espainia eta Euskal Herriaren arteko gatazka politiko bezala aurkeztu zen”.
Bake Konferentzia EH Bilduren “propaganda hutsa” dela dio Urkijok, eta beste alderdi politikoek horretan laguntzea “lotsagarritzat” jo du: “Bilduri jokoa jarraitu nahi badiote ETAren mundua babesten duten ekimenetan parte hartzen, eurek ikusiko dute zer egiten duten”.
“Kataluniaren estilora desbideratzea ez litzateke ona izango”
Autogobernuaren inguruko txostena burutu nahi du Eusko Jaurlaritzak. “Denborak errespetatu” egingo dituela jakinarazi du Urkijok, eta ohartarazi “Kataluniaren estilora desbideratzea” ez litzakeela “ona” izango.
Oroitarazi du Eusko Jaurlaritzak eta Kataluniako Gobernuak ezin dituztela “alde bakarreko” erabakiak hartu “Statu quo-a apurtzeko edozein planteamenduk Konstituzioa erreformatzea” ekarriko bailuke, eta hori “Gorte Nagusietan berretsi behar” baita.