"Ezer ere ez". Hitz horiekin azaldu du Carmen Alba Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkariak normaltasun osoz egin zirela asteazkenean Berriozarren euskal presoen eskubideen aldeko brindisa, manifestazioa eta elkartasun afaria. Auzitegi Nazionalak Raul Maiza (EH Bildu) alkateari ohartarazi zion terrorismoa goratuz gero bera izan zitekeela arduraduna udalaren espazioak horretarako uzteagatik.
Albak azaldu du ezer gertatzen ez bazen ez zuela epaileak jaietako ekitaldi horiek debekatze arrazoirik ikusten. Fiskaltzak eta Guardia Zibilak eskatu zuten debekatzea, baina orain agindu beharrean zaintzeko eskatu zien epaileak. ETAko presoak goratuz gero, han zeudenak identifikatzeko ere agindu zuen. Horrelakorik ez zen gertatu, ordea.
Berriozarko EH Bilduk ohar bat atera du gaur Auzitegi Nazionalaren jarrera salatuz. "Euskal presoekiko elkartasuna aitzakiatzat hartuz" festak "lehertzen" saiatu dela esan du. Aurretik esan zuen bezala, azpimarratu du Udalak ez zuela ekitaldi horietan zer ikusirik, eta festen egitarauan ere ez zeudela nabarmendu du. Horrelakoekin egoera nahastu nahi duela salatu du, eta jarrera hori Euskal Herriko gatazka konpontzeko oztopo dela.
Bestelako irizpideak, Bizkaian eta Gipuzkoan
Zeresan handia ematen ari da azken aldian Espainiako Gobernuak horrelako ekitaldien aurrean hartzen duen jarrera. Berriozarren atzo baimendu zituen arren, Carlos Urkijo Gobernuak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan duen ordezkaria horien aurka agertu da, eta aste honetan bertan Areatzan (Arratia, Bizkaia) egitekoak ziren txokolate jatea, bazkaria debekatu du. Horietan ETA goratzen dela argudiatu zuen eta Bilboko epaile batek arrazoia eman eta bertan behera utzi zuen.
Atzoko bazkaria eta bilkura debekatzeko ere eskatu zuen Urkijok. Juan Kalparsoro EAEko Justizia Auzitegiko fiskalburuak Urkijoren eskaeraren ostean esan zuen ekitaldi horiek “hasiera batean” ez zuela ematen “biktimak errespetatzen dituztenik”. Horren aurrean Asier Garcia Artetxe (EH Bildu) alkateak bertan behera utzi zituen.
Pasa den astean Ibarrako (Gipuzkoa) jaien txupinazoa ere debekatu egin zuten suziria euskal preso senide eta lagunek bota behar zutelako.