Casasola: «Ez dugu justiziarik»

Etsita agertu da Nagore Lafaggeren ama epaileen lanarekin; hiltzailea babesten dutela uste du

edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Gaizki. Erabat etsita. Halaxe dago Nagore Lafaggeren ama Asun Casasola, Iruñean egin duen agerraldian onartu duenez. Eskertu nahi izan du Nafarroan jasotako babesa eta laguntza, baina argi utzi du kolpe latza jaso duela alabaren hilketaren auziari buruzko azken erabakiekin. «Ez dugu justiziarik».

Azaroan, Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen Jose Diego Yllanesi giza hilketagatik ezarritako hamabi urteko espetxe zigorra. 2008ko sanferminetan Iruñean gertatutakoa ez zuen hilketatzat jo. Gainera, epaileek ukatu egin dute Lafaggeren familiak Yllanes espetxetik ateratzen denerako eskatutako urruntze agindua. «Ni beldur naiz; min egin diodala badakit, eta badakit pertsona hotza eta gauzak ongi pentsatu zalea dela. Ez dut ikusi damutu denik. Ni ez naiz lasai egonen ateratzen denean».

Yllanesek datorren abuztuan espetxetik ateratzeko lehendabiziko baimena jasoko duela nabarmendu du Casasolak. «Justiziak ez ditu biktimak babesten; justiziak hiltzailearen alde egiten du, are gehiago gizartean pisu handia duen familia bateko kidea bada».

Konfiantza bazuela gaineratu du Casasolak. Esperantza bazuela epaileek bertan behera utziko zutela zinpeko epaimahaiak hartutako erabakia. «Baina ez da hori gertatu. Zinpeko mahaiak ez zuen bere neurria eman, baina inor ez da gai izan haren erabakia aldatzeko. Horretarako aukerarik ez dela ikasi dut. Ezin dugu halakorik onartu, ez bakarrik nire alabarengatik, bai eta indarkeria jasaten duten bertze emakume guztiengatik ere», eman du aditzera.

Aurrera egiteko beharra baduela aitortu du Casasolak. «Dolua hasteko garaia dut, oraindik ez bainaiz hasi. Orain hasieran baino okerrago nago». Auziak bere bidea egin duela onartzen duela azpimarratu du, baina ez duela hartutako erabakiekin bat egiten. «Orain ate guztiak itxita daude; baina bakarren bat zabalduko balitz, sartu eginen nintzateke».

Casasolarekin batera, Astelehen Lilak ekimeneko kide Tere Saez, IPES elkarteko Silvia Fernandez eta PSNko Iruñeko zinegotzi Maite Esporrin agertu dira prentsaren aurrean. Saezek argi utzi du Lafaggeren hilketa genero indarkeria izan zela. Astelehen Lilak ekimenak elkarretaratzea eginen du etzi Iruñeko Gazteluko plazan, emakumeen kontrako indarkeriaren aurka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.