MEMORIA

Caso, Zamarreño eta Gajate ETAren biktimak omendu ditu Errenteriako Udalak

EH Bilduk gobernatutako udal batek espreski ETAren biktimei eginiko aurrenekoa izan da Errenteriako (Gipuzkoa) omenaldia.

Juani Perez, Julen Mendoza eta Naiara Zamarreño. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
2017ko ekainaren 28a
07:57
Entzun

Asteazken arratsaldean egin diete ETAren hiru biktimei omenaldia. Bertan izan dira Julen Mendoza alkatea, ETAk hildakoen senideak eta udalean ordezkaritza duten talde guztietako zinegotziak. Baita PPko Errenteriako kideak ere, nahiz eta ordezkaririk ez izan udalean.

ETAk 1984an hil zuen Vicente Gajate, udaltzain eta PSEko kidea; 1997ko abenduan Jose Luis Caso, PPko zinegotzia; eta 1998ko ekainean Manuel Zamarreño, PPko zinegotzi eta Casoren ordezkoa.

Mendozaren esanetan, biktimen erreparaziorako bidean beste urrats bat izan da ekitaldia, eta bere izenean nahiz udalarenean "barkamena" eskatu die hiruren senideei, "uneren batean" ez badira egon "egoeraren neurrian", "behar bezala lagundu" ez badituzte edo "oinazea erantsi duen edozer esan edo egin" izan badute.

Omenaldian, hirurak oroitzeko plaka bat ikusarazi dute, eta Mendozak lore sortak eman dizkie biktimei: "Ekitaldiaren asmoa da humanizatzea deshumanizatu zena. Pertsona berreskuratzea eta etsaiaren irudiari uko egitea. Funtsean, norberarena balitz bezala sentitzea besteentzat jo izan dugun oinazea".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.