Yolanda Barcina UPNko eta Nafarroako Gobernuko presidenteak agerraldi bat egin du gaur eguerdian, Alberto Catalan alderdiko presidenteordeak ere UPNko buru izateko hautagaitza aurkezteko asmoari buruz balorazioa egiteko. Azaldu duenez, saiatu da alderdiko kideei hautagaitza bakar bat eskaintzen: "Eskari gehienak onartu ditut, baina hala ere hautagaitza aurkeztea erabaki du [Catalanek]".
Catalanen erabakia errespetatzen duela adierazi du Barcinak, eta ziurtzat jo du alderdia "indartuta" aterako dela martxoaren 17an egingo duten kongresutik. UPNren barne eztabaidak exekutiboari eragingo ote dion galdetuta, Barcinak ziurtatu du kontseilariak "intentsitate osoz" ari direla lanean: "Gauza bat da gobernu lana, eta beste bat alderdiko eginbeharrak".
Hauteskundeak aurreratuko dituen galdetuta, berriz, erantzun du ez dela Nafarroak behar duena. Alderdiko presidenteak Nafarroako Gobernua osatzeko hurrengo hautagaia izan beharko lukeen ere galdetu diote: "Gobernuan lan egingo dugu, alderdian lan egingo dugu. Nafarroak behar duena da UPN sendo bat eta lan egingo dut alderdiaren ideien alde eta gobernuan nafar guztien alde", ihardetsi du.
Catalan: "Ez da akordioa berresteko borondaterik izan"
Aurretik adostutakoa ez betetzea leporatu dio Catalanek Barcinari: "Ez da akordioa berresteko borondaterik izan. Horrenbestez, nire hautagaitza aurkeztu dut". Barcinak esan du hautagaitza bateratua aurkezteko Catalanek ezarritako baldintza gehienak onartu dituela, eta presidenteordeak erantzun du "itundutakoa betetzea" dela egin beharrekoa, "batez ere adostutakoa berretsia bada eta lekukoen aurrean eginda badago".
Azaldu du "itunen lurralde" izan dela Nafarroa: "Ituna nafarren artean, ituna alderdien artean interes komunaren alde, ituna Nafarroa eta Estatuaren artean... Itunak definitzen gaitu eta itunak betetzeko daude. Nik nire hitza bete dut".