politika

Catalanek eta Salanuevak hartu dituzte Hezkuntza eta Etxebizitza karguak Nafarroako Gobernuan

UPNko kideak dira biak. Catalan Hezkuntza kontseilaria izango da eta Salanueva Etxebizitza eta Lurralde Antolaketakoa. Herenegun Miguel Sanz lehendakariak CDN gobernutik bidali zuen baina, haren ustez, "ez da beharrezkoa CDNko kontseilariek finkatu duten bidea aldatzea".

2009ko irailaren 30a
13:55
Entzun
Gaur jakinarazi du Miguel Sanz (UPN) Nafarroako Gobernuko lehendakariak Alberto Catalanek eta Amelia Salanuevak -UPNkoak biak- hartuko dituztela Hezkuntza, eta Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa kontseilari karguak. Izan ere, pasa den astelehenean Sanzek CDN gobernutik bidali zuen eta alderdi horren bi kontseilariak kanporatu egin zituen: Jose Carlos Esparza eta Carlos Perez Nievas -Etxebizitza eta Lurralde Antolaketa, eta Hezkuntza kontseilariak, hurrenez hurren-.

Orain arte hamabi kontseilarik osatzen zuten gobernua, baina gaurtik aurrera hamar izango dira, Catalanek Harreman Instituzionalaletako kontseilari izaten jarraituko duelako eta Salanuevak Lurralde Administraziokoa.

Sanzek nabarmendu du kontseilariak gobernutik kanporatzeko asmoa CDN kanporatu duelako izan dela eta ez kontseilarien lanarekin ados ez dagoelako. "Ez da beharrezkoa kontseilari horiek finkatu duten bidea aldatzea", adierazi du. Euskarabidea erakundeari dagokionez, "Gobernuak egindako apustua" izan zela esan du "eta ez kontseilari batena, nahiz eta Perez Nievasek lan ezinhobea egin duen eta gobernuak finkatutako helburuak lortu dituen".

Lehendakariak CDNri ostiralean ohartarazi zion egun batzuen buruan ez bazen Noain, Beriain, Galar eta Aranguren Iruñerriko herriak euskararen eremu mistoan sartzearen aurka azaltzen, gobernutik bidaliko zuela. CDNk ez zuen jarrera aldatu, eta Sanzek exekutibotik bidaltzea erabaki zuen.

2003tik egon dira UPN eta CDN Nafarroako Gobernuan. Azkeneko hauteskundeak 2007ko maiatzean izan ziren. Orain gobernuko lehendakaria eta kontseilari denak UPNkoak dira.

50 parlamentarietatik 26k egin zuten pasa den ostegunean Noain, Beriain, Galar eta Aranguren euskararen eremu mistoan sartzeko IU-NEBen proposamenaren alde: Nafarroa Baiko hamabiek, PSNko hamabiek eta IU-NEBko biek. UPNk (22) aurka bozkatu zuen eta CDNko bi legebiltzarkideak abstenitu egin ziren (EAE-ANVk ez du ordezkaritzarik, bozetarako baliogabe utzi zuelako Espainiako Justiziak).

Dena dela, aldaketa ez da oraindik behin betikoa, orain gaia parlamentuko batzorde batean eztabaidatuko dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.