Ekonomia

Cegasako lan erregulazio espediente eskaera atzera bota du Eusko Jaurlaritzak

Pilak ekoizteko enpresa Gasteizko lantegiko 359 langileetatik 217 kaleratu nahian dabil. Langileek salatu dute nagusiek ez dutela haiekin kontsultatu EREa aurkezteko garaian, eta "enpresa lekuz aldatu eta Euskal Herritik kanpo" eraman nahi dutela.

2009ko otsailaren 3a
19:17
Entzun
Cegasa enpresak aurkeztutako ERE (lan erregulazio espediente) eskaera atzera bota du gaur Eusko Jaurlaritzak. Horren aurrean, enpresak oharra kaleratu du, erabakia kritikatuz, eta "lan arloko irizpideetan beharrean, hauteskunde giroan" kokatuta egon dela salatuz. Pilak ekoizteko enpresak Gasteizko lantegiko 359 langileetatik 217 kaleratu nahi ditu. Langileek salatu dute nagusiek ez dutela haiekin kontsultatu EREa aurkezteko garaian, eta "enpresa lekuz aldatu eta Euskal Herritik kanpo" eraman nahi dutela, Txinara. Enpresak ukatu egiten du langileekin ez kontsultatu izana.

Enpresaburuek proposatutako EREak 217 langileri eragingo lioke, eta 54 urtetik gorako 95 langilerentzat aurrejubilazioak aurreikusten ditu (soldataren %70 eskainita). Gainerako 122 langileek diruz lagundutako baja lortuko lukete (lan egindako urte bakoitzeko 30 egunekoa, 12 hileko ordainketa mugarekin).

Eusko Jaurlaritzako Lan sailburu Joseba Azkarragak azaldu duenez, erabakia "azterketa zehatz baten ondorioa" da, eta negoziatzen segitzearen aldeko mezua zabaldu du.

Cagasak Gasteizen duen zuzendaritzak Eusko Jaurlaritzaren erabakia gogor kritikatu du, eta hura "hauteskunde irizpideen arabera" hartu dela salatu du, "enpresaren edota lanpostuen defentsan izan beharrean". Horrek enpresa talde osorako "oso ondorio larriak" eragingo dituela ohartarazi du. Datozen egunetan erabakiaren ondorioak eta horren aurren zer neurri hartu aztertuko du enpresak.

Enpresako zuzendaritzari jarraiki, Gasteizko plantan "bideraezina" da kontsumorako pilak ekoizten jarraitzea, eta dagoeneko 22,5 milioi euro baino gehiagoko galerak dituzte. Horrez gain, langile batzordearen eta sindikatuen jarrera gaitzetsi du, "bi hilabeteetan negoziatzeari uko egin" diotela argudiatuta.

Sindikatuen arabera, aldiz, lan erregulaziorako espediente proposamena langileekin eta beraiekin kontsultatu gabe aurkeztu zuen enpresak. "Gainera, ez dago behar bezala justifikatuta, zeren eta enpresak pilak ekoizteko prozesua lekuz aldatu eta Txinara eraman nahi du", azaldu dute gaur.

Langileek bihar egingo dute batzarra beren egoera aztertzeko eta aurrera begirako pausoak bateratzen saiatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.