Celine Dos Reis etxez etxeko langilea zen, L'Âge d'or enpresarentzat lan egiten zuen, eta 38 urte zituen. Baiona aldean bizi zen. Haren lankideek esaten zuten izaera oso bizikoa zela eta bere seme-alabei emana bizi zela. 2011 eta 2012 artean bikote harreman bat eduki zuen 45 urteko gizon batekin, eskoletako autobusetako gidaria zena. Bazen urtea baino gehiago harremana utzia zutela, baina gizonak ez zuen bakean uzten, eta azkenean salatu egin zuen emakumeak.
Ikusi gehiago
2014ko azaroan epaitu behar zuten gizona, tratu txarrengatik. Baina 2014ko irailaren 12an, hil egin zuen emakumea. Baita emakumeak zaintzen zuen emakume gazte baten aitona ere. Gero bere buruaz beste egin zuen gizonak, Baiona iparraldeko baso batean.
Angelun (Lapurdi), Pirinioen etorbideko 20. zenbakian bizi zen Manuel Silva, 80 urte inguruko gizon bat. Iloba elbarri bat zuen, 35 urtekoa, eta beste inor ez laguntzeko; bakarrik bizi zen. Ilobak erresidentzia batean egiten zituen asteko egunak, baina asteburuetan eta jai egunetan maiz joaten zen Silvaren etxera. Egun horietan, Celine Dos Reis joaten zitzaien Angeluko etxera, ilobari laguntzera eta etxeko lan batzuk egitera.
Irailaren 12 hura ostirala zen. Arratsaldean joan zitzaien Dos Reis etxera. Ez zen handik bizirik atera. Larunbat goizean, Silvaren auzo batzuk pasatu ziren etxetik, mandaturik behar ote zuen galdezka. Haiek aurkitu zituzten gorpuak, eta abisua eman zuten.
Suhiltzaileak eta poliziak etxera sartu zirenean, korridorean hilda aurkitu zuten Silva, eta ondoko gela batean Dos Reis. Labanaz hil zituzten biak. Silvaren iloba ongi zegoen, baina, haren elbarritasuna zela medio, ezin zuen ikerketan lagundu.
Poliziaren ikertzaileak ohartu ziren Dos Reis bere autoan joan zela Montbrun auzoko etxe hartara, baina kotxea falta zela. Bi hilketen nondik norakoak asmatu ezinik ibili ziren, zer eta nola gertatu ote zen.
Larunbat hartan bertan, ordea, 16:00ak aldera, gizon baten gorpua agertu zen Baiona iparraldeko baso txiki batean, laku baten ondoan. Bere buruaz beste egin zuen hiltzaileak, eta gutun bat utzi zuen idatzia. Dos Reisen bikotekide ohi izandako 45 urteko gizonarena zen gorpua. Bere aurkako salaketaren epaiketa egin baino aste batzuk lehenago hil zituen Dos Reis eta Silva, eta gero bere buruaz beste egin zuen.