08:40 aldera iritsi da epaitegira, Sergio Gomez abokatuarekin. Saioa 09:00etan hasi da, espero bezala. Epaitegira iristerakoan, Cerverak ohartarazi du ez duela "gehiago" hitz egingo gaiaz. "Jarduera politikoa uztea erabaki dut, eta ez dut inolaz ere hitz egingo Nafarroako Kutxarekin zerikusia duten prozeduren inguruan, ezta gaiarekin zerikusia duen politikaren inguruan ere", esan du. Atxilotu zutenean esan zuena "berresteko" asmoarekin heldu da.
Lekuko gisa aritu dira Arsenio Fernandez Guardia Zibileko zuzendari nagusia, Monica Ridruejo Cerveraren emazte ohia eta Maribel Beriain UPNko Iruñeko Udaleko zinegotzi ohia.
Gomez abokatuak saioaren amaieran esan duenez, "pixkanaka frogatzen" ari da Cerverari "tranpa bat" jarri ziotela, eta gaineratu du frogak biltzen jarraitzen dutela.
Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidentearen aurkako ustezko xantaia kasu batean inputatuta dago Cervera. Iazko abenduaren 9an atxilotu zuen Guardia Zibilak, Iruñeko zezen plazaren azpialdean den San Bartolomeko gotorlekuaren horma bateko zirrikituan gutunazal bat hartu zuenean. Abenduaren 5ean Jose Antonio Asiain Nafarroako Kutxako presidenteak jaso zuen mezu anonimo batek mehatxatzen zuen zirrikitu horretan jarri behar zuela dirua, baldin eta informazio bat publiko egitea nahi ez bazuen. Asiainek berehala salaketa jarri zuen. Ustezko informazioarena gezurtatu zuen.
Hainbat egunez egon ziren guardia zibilak gune hura zelatatzen, abenduaren 9an Cervera agertu zen arte. Horrek zaintzako epaileari deklaratu zion segada bat jarri ziotela. Azaroaren 29an mezu elektroniko bat jaso zuen, eta Nafarroako Kutxari buruzko "informazio oso garrantzitsu bati buruz" idazten zion. Dokumentazioa bidaltzeko modua ez zela hura erantzun zion, baina, "jakin-minak erakarrita", hara jo zuen egun horretan.