Chivitek eta Gurreak plana arbuiatu dute, eta Batzarrek dio ez dela egokia

2005eko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Espainiako Konstituzioaren erreformaren alde baina Ibarretxeren Planaren aurka mintzatu zen Carlos Chivite PSNko idazkaria, atzo. Plana ez dela zilegizkoa esan zuen, eta «autodeterminazioaren, independentziaren eta subiranotasun baztertzailearen aurka» hitz egin zuen.

Ibarretxeren Planak «euskal subiranotasuna Konstituzioaren subiranotasunaren gainetik» jartzen duela esan zuen Chivitek eta, horregatik, «onartezina» dela iritzi zion. Lurraldetasunaren eztabaidak herritarrentzat etxebizitzak, lanak edo hezkuntzak baino «askoz ere interes gutxiago» duela esan zuen prentsaurrekoan. Nafarroa lotuz, eskuinak eta euskal nazionalistek Foru Erkidegoaren erakundetze ereduaz «nahasmen interesatua bultzatzen» dutela azpimarratu zuen. Konstituzioaren erreformaren eztabaida «saihestezina» dela onartu arren, «lasaitasunez eta mugak jarriz» egin beharrekoa dela aipatu zuen: «Hobetu daitezkeen arloetara mugatu behar du, 1978an lorturiko akordioa indartu behar da eta Espainiako aniztasuna errespetatu». Halaber, Foru Hobekuntza «indartzearen» alde mintzatu zen, baina Nafarroak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarekin bat egiteko aukera onartzen duen IV. Xedapen Iragankorra kentzearen alde dagoela berretsi zuen.

Gurrea: «Gehiegikeria da»

Rafael Gurrea Nafarroako Legebiltzarreko lehendakariak, bestalde, Ibarretxeren Plana Nafarroako eskumenen aurka «egin den usurpaziorik handiena» dela dio. Prentsa oharrean Plana «legez kanpokoa» dela esan zuen Gurreak. «Nafarrei galdetu gabe, Planak hauentzako eskubide berriak arautu nahi ditu eta hori gehiegikeria da».

Batzarrek egitasmoari «legitimazio formala» onartu zion. Baina, «nortasun ezberdinen artean gauzatzen ari den bizikidetza akordiorako» ez dela egokia aipatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.