Politika

Chiviteren dimisioa eskatuko dute Erriberako PSNko kideek larunbateko batzarrean

Halaber, NaBai eta NEBrekin gobernua osatzeko apostua berretsiko dute, eta PSNk autonomia handiagoa izan dezan PSOEko estatutuak aldatzea galdegingo. PSNko eskualde batzordearen bilkura egingo dute larunbatean, eta Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkariak parte hartuko du.

2007ko abuztuaren 28a
15:53
Entzun
Erriberako PSNren 22 elkarteko kideek Nafarroako Gobernuaren osaketan PSOEk eta PSNko zuzendaritzak izandako jokabidea gaitzetsiko dute larunbatean Nafarroako sozialisten eskualde batzordearen bileran. 70 bat alkate, zinegotzi, eskualde batzordeko kide eta militantek jarrera kritiko hori bideratzeko bilera egin zuten atzo, eta hiru eskaera nagusi eramango dituzte batzarrera: Carlos Chivite idazkari nagusiari, eta, oro har, zuzendaritzari dimisioa eskatuko diote; NaBai eta NEBrekin "elkarbizitzarako eta aurrerapenerako ezkerreko gobernua" osatzeko apostua berrestea; eta PSOEren estatutuak aldatzeko eskaera PSNk autonomia handiagoa izan dezan.

Jose Blanco PSOEko Antolakuntza idazkaria larunbateko bileran izango da, eta, ondorioz, bertatik bertara entzun beharko ditu Erriberako ordezkarien kexa eta eskaerak. Nafarroako Gobernuaren osaketan PSOE eta PSNren artean sortu den ika-mikan eragile nagusietakoa izan da Blanco, NaBairekin eta NEBrekin gobernua osatzeko galarazpenaren arduradunetako bat.

PSOEko zuzendaritzarekin zein PSNkoarekin haserre ageri dira Erriberako kide horiek. Gobernuaren osaketaren inguruko negoziazio guztia gaizki kudeatzea leporatzen diote Madrilgo zuzendaritzari; areago, gezurretan aritzea. "Madrilen azken erabakiak heriotzera eramango gaitu. PSNk Nafarroan gobernua aldatzeko erreferente eta aukera izateari utzi dio urte askotarako", diote atzoko bilkuran hitzartutako agirian.

Chiviteri eta PSNko buruzagiei, berriz, "agintari eta kudeatzaile txarrak" izatea leporatzen diete, eta kosta ala kosta karguari heldu nahi izatea. "Ez dituzte gure gizartearen aldaketa eta aurrerapen desioak ordezkatzen, ez eta oposizio baliagarri egiteko beharrezkoa den sendotasun ideologikoa ere".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.