Christian Troadec: "Kontu honek ezustean harrapatu ditu sindikatuak"

2013ko azaroaren 23a
18:22
Entzun

Autonomista, Karaezko alkatea eta bonet gorrien mugimenduko bozeramailea da Christian Troadec. Ekotasaren aurka antolatu zen mugimendua, baina haren aldarrikapenak haratago doaz. Bretainiarentzat eskumen gehiago nahi dituzte, baliabide gehiago, arlo ekonomikoan, kulturan eta gizartean sortzen diren beharrei erantzuteko.

Azken aldian enpresa garrantzitsuak itxi dira, baina Bretainiako langabezia tasa Frantziakoa baino baxuagoa da oraindik. Nolatan halako haserrea?

Haserrea handia da etsigarria ari delako izaten François Hollanden agintaldia. Egoera ekonomikoa oso txarra da, eta azken urteotan ondo prestatutako gazteek alde egin behar izan dute lan bila. Arlo kulturalean ere ez da hartutako konpromisoak betetzen ari, horren adibide da eskualdeko hizkuntzen Europako Gutuna berretsi izana. Deszentralizazioa edo erregionalismoa erabat beharrezkoa dugu, baina Lebranchuren deszentralizazio legea katastrofe hutsa da.

Batez ere ekotasaren aurka sortutako mugimendua da bonet  gorriena. Lortu duzue, momentuz, tasa bertan behera geratzea. Hala ere beharrezko ikusten duzue protestan jarraitzea? Noiz arte?

Tasa erabat bertan behera uzteko ari gara borrokan gu, gure produktuei eta ekonomiari kalte egiten diolako, eta Gobernuak ez duelako errepide bidezko garraiorako alternatibarik eskaintzen. Ez dago borroka uzteko motiborik, ministroen esanek ez gaituzte lasaitzen, 2014ko hauteskundeak pasatu ostean jarriko dute martxan ekotasa. Hasieratik aldarrikatu dugu enpleguaren, Bretainiaren eta errepideen doakotasunaren alde gaudela.

Aniztasun handiko jendeak hartzen du parte bonet gorrien mugimenduan. Etorkizunera begira, arazo bat izan daiteke hori?

Aniztasun hori da gure indargunea. Bretainia ez da inoiz hain sendo egon, eta horregatik ari dira Parisen gu banatu nahian. Deabruaren pare jarri nahi gaituzte. Egun batean esaten dute eskuin muturra sustatzen dugula, baina guk argi esan dugu Fronte Nazionala pozoia litzatekeela Bretainiarentzat. Hurrengoan indarkeria darabilgula... Baina trikimailu horiek dagoeneko ez dute balio.

Ez da ohikoa izaten enpresaburuek eta langileek elkarrekin protesta egitea. Nolatan lortu duzue Bretainian?

Bretainian Bizi, Erabaki eta Lan kolektiboa gizarte osoari dago zuzenduta, modu transbertsalean. Halere, ez dut uste egokia denik batasun hori hainbeste goraipatzea. Kemperren egindako manifestazioan, 30.000 lagun horien artean, bazeuden enpresa ertain eta txiki batzuetako nagusiak. Dena den, ez zegoen CAC 40ko nagusirik edo burtsan kotizatzen duten talde handietako nagusirik. Batasuna posible izan da Bretainiaren eta Bretainiako enpleguaren alde ekimena hartzeko prest gaudelako, nahiz eta beste baldintza eta ideia batzuk banatzen gaituzten. 

CGTk esan du bonet gorriena ez dela langileen borroka. Ados zaude? Afera honetan zein papel dute sindikatuek?

Uste dut sindikatuak ezustean harrapatu dituela kontu honek guztiak. Egun berean Karaezen kontramanifestazio bat egitea erabaki zuten, eta justu-justu elkartu zituzten mila lagun. Ezkerreko Frontearen babesa ere izan zuten, eta haren liderrak, Jean-Luc Melenchon jakobinismoaren defendatzaile sutsuak, esklabotzat hartu gintuen Kemperreko manifestariak, baina gu 30.000 ginen. Atzo ere egin zuten beste manifestazio bat sindikatuek. Nire ustez, han izan zirenak ere joan daitezke guk azaroaren 30ean antolatutakora, ez dagoelako kontraesanik baten eta bestearen artean.

Aipatu duzu azaroaren 30ean egingo duzuela hurrengo manifestazioa. Zer jarraipen espero duzue?

Guk herritar guztiei eskatzen diegu parte hartzeko, modu baketsuan. Gobernuari erakutsi behar diogu gure erabakitasuna eta erreforma estrukturalak egiteko urgentzia. Seguru asko hamarnaka mila lagun izango gara gure mezua sustengatzen, eta ea Paristik entzuten diguten.

Zuek «esperimentaziorako eskubidea» eskatzen diozue Hollanden gobernuari. Zer esan nahi duzue horrekin?

Marylise Lebranchuren ministerioak prestatutako deszentralizazio edo erregionalismo proiektua erabat gaitzesten dugu Bretainian, baita PS beraren baitan ere. Sinpleki esanda, eskatzen duguna da eskumen eta botere gehiago, finantza baliabideak izatea  ekonomian, gizartean, kulturan eta ingurumenean sortzen diren beharrei aurre egiteko. Deszentralizazio lege berrian, estatus partikularrak onartzen dira Lyon, Marseilla eta Pariseko metropoli handietarako. Zergatik ez Bretainiarentzat? Hori galdetzen diogu Gobernuari.

Jean Marie Ayrault lehen ministroak adierazi du azaroa bukatu baino lehen sinatu nahi duela Bretainiaren etorkizunari buruzko ituna. Zer eskatzen diozue itun horri?

Nik ez dut uste hain azkar egingo denik. Guk oraindik ez dugu aukerarik izan Ayraulti aurrez aurre esateko zer nahi dugun Bretainiarentzat, hala ere, badu gure aldarrikapenen berri. Badaki ez garela geldirik geratuko ez badu modu zehatz batean esku jartzen guretzat oinarrizkoak diren hiru zutaberen gainean. Ekonomia, arlo instituzionala eta kultura dira hiru zutabe horiek. Eta presa dago zerbait egiteko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.