Bikoteak liskar bat izan zuen. Gizonak sukaldetik labana bat hartu zuen, logelara joan zen, eta bertan hil zuen Clara Rangel, bere bikotekidea. Rangelek bere bi umeak alboan zituen, ohean: sei hilabeteko eta 2 urteko bi haur. Keny Lexkur Gonzalez izena zuen gizonak, 35 urte zituen; Rangelek, 33.
Ikusi gehiago
Emakumeak beste seme bat zuen, 16 urtekoa, aurreko harreman batekoa. Eta Gonzalezen anaia bat ere etxe berean bizi zen, Errenteriako Agustinen auzoan, Gipuzkoan. Jatorriz, venezuelarrak ziren. Iskanbila aditu zuenean, 16 urteko semea logelara joan zen eta saiatu zen Gonzalez geldiarazten, baina hark labankatu egin zuen gaztea. Ondoren gizonaren anaia saiatu zen, baina hura ere zauritu egin zuen labanarekin. Gero, bere buruari ere zauriak egin zizkion Gonzalezek.
Rangelen seme zaharrenak eta koinatuak balkoira atera eta laguntza eskatu zuten. Poliziak iritsi zirenerako, berandu zen; hila zen Rangel. 2008ko abenduaren 29a zen. Gonzalez, berriz, zaurituta eraman zuten Donostiako ospitalera, baina atxilotuta.
Epaiketa hiru urte eta erdi geroago egin zuten. Zinpeko epaimahaiak errudun izendatu zuen gizona, eta epaileak 28 urteko kartzela zigor bat ezarri zion, nahiz eta goiz hartan alkohola edanda zegoela eta horrek nahasmendu «arin» bat eragin ziola kontuan hartuta aringarri bat ere ezarri zion. Akusatuak kokaina hartzen zuela ere egiaztatu zuten epaiketan. Rangelen hilketaz gainera, semea eta anaia hiltzen saiatzea ere egotzi zioten.
Epaiketan, bi auzitegi medikuk eta psikologo forentse batek azaldu zuten gizona jeloskorra zela eta «abandonatua» izateko beldurra zuela. Buruko gaitzik ez zuela, baina emakumeen aurkako «etsaitasun» nabarmen bat zeukala, haiei buruzko irudi «distortsionatua», eta «sinismen matxista» sendoak.