Hilketaren erantzule jo du zinpekoen epaimahaiak Clara Rangel zenaren bikotekidea, aho batez. Akusatuak berak aitortu zuen egiletza epaiketan, nahiz adierazi zuen ez duela gogoan zer gertatu zen. Edanda zegoela, bere buruaren jabe ez zela frogatzen saiatu ziren epaiketan hiltzailea eta defentsa, eta epaimahaiak hein batean bere egin du hori: Rangeli eraso zionean ez, baina gero semeari eta anaiari oldartu zitzaienean buruko gaitasunak «era arinean» galduta zituela onartu du, aringarri gisa. Hilketa ahalegin bat eta lesio delitu bat egotzi dizkiote akusatuari bi eraso horiengatik. Larrigarritzat jo dute senideak izatea. Epaimahaiaren erabakiarekin, epaileak zehaztuko du zigorra.
2008ko abenduan hil zuen bikotekideak Clara Rangel, Errenterian (Gipuzkoa), labankadaz. Haurdun zegoen. Hiltzaileak berak epaiketan aitortu zuen eztabaidak maiz izaten zituztela, eta jeloskortzat jo zuen bere burua. Medikuek berretsi zuten tratu txar emaileen ezaugarriak dituela gizonak, eta bazekiela zertan ari zen Rangel hil zuenean.
Hilketa baten, hilketa ahalegin baten eta lesio delitu baten erantzule jo dute akusatua. Fiskalaren eta akusazioen delitu berak egotzi dizkiote. Zigor eskarietan zegoen aldea: fiskalak 28 urteko kartzela eskatua du —35 eskatu zituen hasieran, baina, edanda egotea aringarritzat harturik, eskaria arindu zuen—; akusazioek, 35 urtekoa. Defentsak absoluzioa nahi zuen, gizona bere buruaren jabe ez zelakoan. Epaimahaiak ez du onartu: bere buruaren jabe zela esan du.
Bi emakume, erietxeratuta
Andreen aurkako eraso gehiago izan dira asteburuan. Bilbon, larunbat goizaldean, erietxera eraman behar izan zuten andre bat, konortea galduta, ustez bikotekide ohiak eta haren senide batek eraso egin ondoren. Emakumeak ertzainei jakinarazi zien orain astebete ere eraso ziotela baina ez zuela salaketarik jarri. Atxilotu egin dute bikotekidea, 24 urtekoa.
Leintz Gatzagan (Gipuzkoa) beste gizon bat atzeman zuten igande goizaldean, bikotekideari giltza zabalgarri batekin eraso egitea leporatuta. Erietxera eraman behar izan zuten andre hura ere. Barakaldon (Bizkaia), berriz, sexu eraso bat egiten saiatu den gizon baten bila ari dira: igande goizaldean emakume bati aurre egin zion, eta zauritu egin zuen.
Horrelako kasuei aurre egiteko planak hartu zituzten hizpide atzo Espainiako Gobernuak eta erkidegoetako kontseilariek. Koordinazioa hobetzeaz eta tratu txarrak jasaten dituztenen seme-alaben babesaz aritu ziren.
Clara Rangelen bikotekidea hilketaren erantzuletzat jo du zinpekoen epaimahaiak
Semea hiltzen saiatzea eta anaia zauritzea ere egotzi diote gizonari, aho batez; zer zigor jarri epaileak erabakiko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu