Clara Rangel bikotekideak hil zuela ebatzi du zinpekoen epaimahaiak. Aurreko astean egin zuten epaiketa, Donostian, eta epaimahaia gaur batzartu da. Iluntzean eman du ebazpena: bikotekideak labanaz hil zuela Rangel, eta errudun dela beraz.
Rangel ez ezik, haren bi semeei ere eraso egin zien gizonak, eta zauritu egin zituen. Homizidio saiakera delitu bat eta lesio delitu bat ere egotzi dizkio epaimahaiak, bi eraso horiengatik.
Orain epaileak erabaki beharko du zigortuak zer-nolako kondena izango duen, zinpeko epaimahaiaren ebazpenean oinarrituta. Fiskalak 28 urte eta sei hilabeteko zigor eskaria egin zuen hiltzailearentzat. Gainerako akusazioek 35 urteko zigorra eskatu zuten.
Rangel 2008ko abenduaren 29an hil zuten, Errenterian (Gipuzkoa). Haren bikotekideak aitortu egin zuen hilketa epaiketan, joan den asteartean, baina esan zuen ez zela ezertaz gogoratzen. Erantsi zuen kokaina eta alkohol asko hartu zituela gau hartan. Auzitegi medikuek, aldiz, defendatu zuten akusatua jakitun zela egiten ari zenaz.