Clara Rangelen hiltzaileari 28 urteko zigorra ezarri diote

Emakumea hiltzeaz, haren semea hiltzen saiatzeaz eta anaia zauritzeaz errudun jo zuten joan den astean

Asteburuan gertatutako sexu erasoa salatzeko, elkarretaratzea egin zuten atzo Leioan. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
Donostia
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
2008ko abenduan Errenterian (Gipuzkoa) Clara Rangel hil zuen gizonezkoak 28 urteko espetxe zigorra jaso du. Joan den astean, zinpeko epaimahaiak aho batez errudun jo zuen Kenny Lexzur Gonzalez, Rangel zenaren bikotekidea. Zehazki, hiru delituren erantzule zela ebatzi zuen: Rangelen hilketa, haren semearen hilketa saioa eta erasotzailearen anaia zauritzean eginiko lesioak.

Akusazio partikularrak eta herri akusazioak 35 urteko zigorra eskatua zuten, eta 28 urtekoa Fiskaltzak. Epaiketa hasi zenean, antzeko zigor eskaera aurkeztu zuten akusazio denek, baina ondorioen berri ematean urte kopurua jaitsi zuen fiskalak, aringarri batzuk aplikatuta.

Clara Rangelek 33 urte zituen, eta haurdun zegoen zendu zenenean, 2008ko abenduaren 29an. Epaiak berretsi zuenez, Lexzurek etxean hil zuen: bikoteak eztabaida bat eduki zuen, eta gizonak aizto bat hartu zuen sukaldean; logelara joan zen, eta bederatzi labankada eman zizkion emakumeari, sei hilabeteko eta 2 urteko seme-alabekin ohean etzanda zegoela, ebakuntza baten ostean suspertzeko prozesuan.

Amaren oihuak entzunda, logelan agertu zen 16 urteko semea, eta hari ere oldartu zitzaion erasotzailea: hiru labankada eman zizkion bular, sabel eta sorbalda inguruetan. Ondoren, hiltzailearen anaia hurbildu zen, eta hari hirutan sartu zion aiztoa. Azkenik, bere buruaz beste egiten saiatu zen.

Epaiketan deklaratu zuten auzitegi medikuen arabera, tratu txar emaileen ezaugarriak zituen Lexzurek, eta Rangel hil zuenean bazekien zertan ari zen. Hala ere, fiskalaren aburuz, alkohola kontsumitu izanak erasotzailearen jokabidean «eragin arina» izan zuen, nahiz eta zehaztu Rangelek ez zuela bere burua defendatzeko modurik izan: «Erasoa bat-batekoa, bortitza eta azpikeriaz egindakoa izan zen».

Fiskalarekin bat egin zuen epaimahaiak: Rangeli eraso zionean ez, baina ondoren semeari eta anaiari oldartu zitzaienean hiltzaileak buruko gaitasunak «era arinean» galduta zeuzkala ondorioztatu zuen, eta buru nahasmenduak dakarren aringarria ontzat jo zuen. Aldiz, ahaidetasunaren astungarria ezarri zioten hiru delituetan.

Hartara, zigorrean ere, fiskalak eskatutakoa ematea erabaki du epaileak: 28 urte. Rangelen seme nagusiarengandik —zaurituarengandik— urruntzeko agindua ere ezarri diote Lexzuri: datozen hamar urteetan ezingo da harengana hurbildu, ez harremanetan jarri ere. Kalte-ordainez ere mintzatu da epaia: biktimaren hiru seme-alabei eta gurasoei 130.000 eurotik gora eman beharko dizkie, eta beste 11.000 euro pagatu beharko dizkio zaurituari.

Elkarretaratzea Leioan

Atzo arratsaldean dozenaka lagun bildu ziren Leioan (Bizkaia), asteburuan izandako bortxaketa bat gaitzeste aldera antolatutako elkarretaratzean. Indarkeria sexistaren aurka, «erantzun kolektiboa» aldarrikatu du Bilgune Feministak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.