azpiegiturak

CSNk ez du eragozpenik ikusten agindua aldatu eta Garoñak irekita segitzeko

Haren ustez, ez legoke arazorik segurtasun nuklear eta babes erradiologikoaren aldetik. Espainiako Gobernuak duela hiru urte zentral nuklearra 2013an ixteko agindua eman zuen. Gaurko Industria ministroak dio Garoñak "2019ra bitartean energia modu garbian eta merkean ekoizteko ahala" duela, "eta hori baliatu beharra dago".

2012ko otsailaren 17a
16:14
Entzun

CSN Espainiako Segurtasun Nuklearreko Kontseiluak iragarri du ez duela eragozpenik ikusten Espainiako Gobernuak duela hiru urte Santa Maria de Garoñako zentral nuklearraren (Burgos, Espainia) itxieraz emandako agindua aldatzeko; alegia, ez duela ikusten Garoñak irekita jarraitzeko, segurtasun nuklear eta babes erradiologikoaren aldetik arazorik ez legokeelakoan. Txostena helarazi dio Industria eta Energia Ministerioari.

Jose Luis Rodriguez Zapatero (PSOE) zela presidente, gobernuak 2009ko uztailean agindu zuen zentralak 2013ko ekainaren 6an bukatu beharko zuela bere jarduera. Auzitegi Nazionalak 2010eko uztailean baleko jo zuen exekutiboak zentrala ustiatzen jarraitzeko emandako luzapena eta behin betiko ixteko ezarritako eguna.

Jose Manuel Soria (PP) Espainiako Industria ministroak urte honen hasieran adierazi zuen agindua "baliogabetzeko borondatea eta asmoa" daukatela eta ez duela baztertzen 2019ra arteko baimena ematea Garoñari. Soriak uste du haren ekoizpena estatuko besteen aldean txikia dela —ehun mila megabatioetatik laurehunekoa da—, "baina 2019ra bitartean energia modu garbian eta merkean ekoizteko ahala du, eta hori baliatu beharra dago".

Garoñak 40 urtetik gorako bizia du —1970ean ireki zuten—, eta arazo teknikoak izan ditu: hozte sisteman, suteak eragozteko sisteman eta kontrol sala isolatzeko sisteman —biak ere CSNk— eta egiturazko beste hainbat. 2006tik Espainiako Estatutuko zentralik zaharrena da. Arabatik gertu dago, eta legealdi honetan Eusko Legebiltzarrak hura ixteko eskatu izan du. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.