Cristina Narbona Espainiako Ingurumen ministro ohiak eman zuen dekretuaren aurkako botoa, eta hark eman dio erabakiaren berri Efe agentziari. Fernando Martik eta Fernando Castellok (PP), Antonio Gurguñik (CIU) eta Rosario Velascok (PSOE) bozkatu dute dekretuaren alde.
Espainiako Industria Ministerioak azken orduko aldaketak egin zituen hondakin nuklearren kudeaketari buruzko errege dekretuan, eta CSN Espainiako Segurtasun Nuklearrerako Kontseiluak bi aste izan ditu aldaketa horiek aztertzeko. Atzo aztertu zituen, eta errege dekretua babestu zuen. Txostena ez da loteslea.
Uztailaren 6an itxi zuten Santa Maria de Garoñako zentral nuklearra (Espainia), baina ixtearekin batera jakinarazi zuen gobernuak berriro zabaltzeko hipotesiarekin ari zela lanean.
Iazko irailean eskatu behar zuen Nuclenorrek —Garoñako zentrala kudeatzen duen enpresak— ustiapena luzatzeko baimena, baina ez zuen hala egin. Energia nuklearraren eta hondakinen gaineko zerga argudiatu zuen Nuclenorrek Garoñaren ustiapen baimenaren luzapena eskatzeari uko egiteko. Zentrala irekita izatearen kostuak %30 handituko zirela nabarmendu zuen, eta Garoñak errentagarria izateari utziko liokeela gaineratu zuen itxiera arrazoitzeko.
Baina Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak pieza berria jarri zuen mahai gainean orain uztailaren 4an; Energia sektorearen erreformaren helburu nagusia tarifaren defizita gutxitzea zen, enpresek ordainduta. Hau da, energiaren benetako prezioaren eta erabiltzaileek ordaintzen dutenaren arteko aldea —urteetan pilatuz joan den aldea— hein handian enpresek ordaintzea bilatzen zuen.
Energia enpresak erreformaren aurka agertu dira, eta, nolabaiteko akordia lortze aldera, Cristobal Montorok tarifaren defizitaren zati bat Ogasun Ministerioak berak bere gain hartzea proposatu du.