Cubillasi egotzi dioten hilketak preskribatu egin duela erabaki dute

Preskripzio epea, hogei urtekoa, aspaldi bete zela esan du Auzitegi Nazionalak, 1985ean izan zelako hilketa

Erredakzioa
2010eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Espainiako Auzitegi Nazionalak ezingo du Arturo Cubillasen estradizioa eskatu, ez behintzat 1985ean ustez Angel Manuel Facalen hilketan parte hartzeagatik. Auzia artxibatzea erabaki dute Fernando Garcia, Julio de Diego eta Enrique Lopez epaileek, preskripzio epea -hogei urtekoa- aspaldi bete zelako. 25 urtean «garrantzizko jarduera prozesalik» egon ez denez, preskripzio epea ez dela inoiz eten argitu dute epaileek.

1985ean hil zuten Facal, eta lau pertsona auzipetu zituzten horregatik, Cubillas tartean. Jose Angel Agirre, Ramon Zapirain eta Idoia Lopez Riaño atxilotu egin zituzten, eta Cubillasen aurka atxilotze agindua zabaldu zuten, desagertua zegoelako. 1992an, bertan behera utzi zuten atxilotzeko agindua. Aurtengo martxoan, Cubillas auzipetu zuen Auzitegi Nazionaleko Eloy Velasco epaileak, ustez FARC eta ETAren arteko lotura lana egitea egotzita.

Pablo Ruz Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak Angel Manuel Facalen heriotzaren auzia berraztertzea erabaki zuen urrian, Cubillasen estradizioa eskatzeko arrazoirik bazen aztertzeko. Estradizio eskaera egin ala auzia artxibatu behar zuen galdetu zion Fiskaltzari, zalantzak baitzituen epaileak auziaren preskripzioaren inguruan.

Hilaren 3an, Venezuelako Fiskaltzaren aurrean deklaratu zuen Cubillasek, lekuko gisa, ustez ETA eta FARCekin harremana izateagatik. Cubillasek berak eskatu zion Venezuelako Justiziari ikerketa hastea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.