EUROPAKO PARLAMENTURAKO HAUTESKUNDEAK

CUPeko eledunak babesa agertu dio EH Bilduri, Donostian

Durangon elkartu da EAJ, eta Gipuzkoako hiriburuan batu dira PSE-EE, PP eta UPD. Iruñean izan da, berriz, PSN.

EH Bilduren ekitaldia, Donostian.
2014ko maiatzaren 10a
07:57
Entzun

David Fernandez Kataluniako Legebiltzarreko CUPeko parlamentario eta bozeramaileak EH Bilduk Donostian egindako ekitaldian hartu du parte arratsaldean, nahiz eta CUPek, bere Kontseilu Politikoak hala erabakita, ez duen bat egin euskal koalizioarekin. EH Bilduri emaitzarik onena opa diola esan du Fernandezek. "Elkarri aldagaitza den babesa ematen diogulako gara gaur hemen. Zuekin gaude". Halaber, bi indarrek Europako politika ekonomiko eta sozialari kritika bera egiten diotela nabarmendu du.

Bihar EH Bilduk Bartzelonan ekitaldia egingo du, eta bertan ere CUPeko partaide bat mintzatuko da: Gabriela Serra.

Donostiako Konstituzio plazako ekitaldian Josu Juaristi EH Bilduren hautagaitzako zerrendaburuak eta Xavier Camposek (BNG) ere hitz egin dute. "Euskal Herria independente baten aldeko bozka baliagarri bakarra EH Bildurena da", adierazi du Juaristik, eta gaineratu du euskal estatua Europan eraikitzeko bidea Galiziako eta Kataluniako herriekin batera egin nahi dutela. Camposek erabaki eskubidea aldarrikatu du, besteak beste politika neoliberalei aurre egin ahal izateko. 

EAJ

Durangon batu dira Izaskun Bilbao EAJko hautagaia, Iñigo Urkullu Jaurlaritzako lehendakaria eta Andoni Ortuzar alderdiko presidentea, Ezkurdi plazan. Ortuzarrek agindu du EAJk eta hark gidatutako gobernuek "buru belarri" jardungo dutela enplegua sortzeko, eta "elkarrizketa gehiago" eskatu die sindikatuei eta enpresariei: "Konfrontazioak gelditu eta txirotu egiten gaitu".

Ortuzarrek esan du Euskadik industrian itxaropena duela "motor handi" izateko, eta azaldu du industria arloan lanpostuak sortzeak "denbora" behar duela.

PSE

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEko idazkari nagusia, Patxi Lopez PSEko idazkaria eta Eider Gardiazabal hautagaia Donostiako Kursaal jauregian izan dira.

Lopezek esan duenez, "Europa berria" eraikitzeko "beharrezkoa da "burujabetza ematea eta eskumenak galtzea"; horrek eskatzen du "konplexu probintziazaleak eta nazionalismo berekoiak" baztertzea. Haren ustez, abertzaleek "ez dute Europako Batasun sendo bat" nahi, "muga berriak" baizik. Gaineratu du Europa "soilik ezkerrak gobernatzen badu" izango dela Europa.

PSN

"Austerizidioaren politikak" eten eta krisiaren kudeaketa errotik aldatzearen alde mintzatu da Javier Remirez PSNko Zuzendaritzako bozeramailea Iruñean, eta eskuineko alderdien proposamena "murrizketa gehiago" dela salatu du. Ekitaldian izan da, besteak beste, Maria Chivite PSNko senataria.

PP

Arantza Quiroga PPko Euskal Autonomia Erkidegoko presidenteak EAJri egotzi dio "erakargarria ez den Euskadi" eraikitzen ari dela, hori "txikitasunetik" egiten ari delakoan. Europako hainbat herrialdetako gazteekin solasaldia egin du Quirogak, Miramar jauregian. Zoe Nubla hautagaiak gidatu du.

EAJri egin dio kritika: "Europarrak gara espainiarrak garelako. Dagoeneko bagara euskal herritarrak Europan". "Iraungitako" proiektua aurkeztea leporatu dio Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari.

UPD

Donostiako Haizearen Orrazian egin du UPDk Europako hauteskundeei begirako ekitaldi politikoa. Bertan izan dira Gorka Maneiro UPDko Euskal Autonomia Erkidegoko bozeramailea eta Manu Agirre hautagaia.

Maneirok esan du maiatzaren 25eko bozen ostean "birsortze demokratikoa" hasiko dela eta, zentzu horretan, bipartidismoari "hamabost egun" geratzen zaizkiola: "Beharrezkoa da leihoak irekitzea, etorkizunari itxaropena zabaltzea eta bipartidismoa azukre koskorra bailitzan desegitea". PPri eta PSOEri egotzi die Espainia "krisi ekonomikora eta ustelkeriara" eraman izana, baina gaineratu du "hondamendi" horren aurrean "itxaropena" dagoela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.