konponbideari begira

Currinek dio uste zutela ETAk jarduera armatua bukatuz gero Espainiak eta Frantziak elkarrizketari ekingo ziotela

Bitartekariak ukatu egin du Aieteko Konferentzia baino lehenago erakunde armatuaren eta bi gobernuen artean gatazkaren ondorioez aritzeko akordioa lortu zela.

2012ko maiatzaren 21a
19:33
Entzun

Brian Currin hegoafrikar abokatu eta gatazketako bitartekariak esan du uste zutela ETAk jarduera armatua bukatuz gero Espainiak eta Frantziak gatazkaren ondorioez hitz egiteko hartu-emanei ekingo zietela. ETAk urriaren 20an jakinarazi zuen borroka armatua betiko bukatu duela, baina bi estatuetako gobernuek ez diote ekin elkarrizketari. Currinek Espainiako gobernu aldaketari egotzi dio hori —PSOEren partez PP sartu zen iazko azaroaren 20ko bozen ondotik—.

Arratsaldean berri agentziek zabaldu dute Currinek maiatzaren 12an Alliance aldizkariari emandako elkarrizketa batean jakinarazi zuela Aieteko Konferentzia baino lehenago Euskal Herriko konponbiderako akordio bat lortu zela: ETAk jarduera armatuaren bukaera iragarriko balu, "erantzun positiboa" emanda Espainia eta Frantzia prest zeuden harekin gatazkaren ondorioez hitz egiteko. Currinek berak ondoren ohar bat bidali du hedabideetara, akordioa egon zela ukatuz.

2011ko urriaren 17an izan zen Aieteko Konferentzia, Donostian. Kofi Annan, Gro Harlem, Bertie Ahern, Pierre Joxe, Gerry Adams eta Jonathan Powellek adierazpeneko lehen puntuan ETAri armak betiko uzteko eskatu zioten, eta elkarrizketarako deia egiteko Frantziako eta Espainiako gobernuei, "soilik gatazka armatuaren ondorioez aritzeko". Bigarren puntuan, ETAk adierazpen hori egingo balu baiezkoa eman eta elkarrizketak zabaltzeko deia egin zieten Espainiari eta Frantziari. ETAk handik hiru egunera iragarri zuen jarduera armatua betiko utzi zuela, eta gatazkaren ondorioz hitz egiteko eskatu zien Espainiari eta Frantziari.

"Arazoa da [Espainian] gobernu aldaketa egon dela", dio Currinek elkarrizketan, eta "orain exekutibo berriak esaten duela ETA desarmatu ostean helduko diola presoen arloari eta beste gai batzuei". Bitartekariaren ustez, bi gobernuen inplikazioa beharrezkoa da ETA bukatzeko. 

Harremanetarako Nazioarteko Taldea datozen egunetan Bilbon bilduko dela esan du Currinek.

Bere lana Joseph Rowntree Charitable Trust fundazioak finantzatzen duela ere adierazi du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.