D ereduak gora egin du Hego Euskal Herriko lau herrialdeetan aurten ere

Euskarazko eredua izan da nagusi Gipuzkoan zein Bizkaian; B eredua Araban; eta A nahiz G Nafarroan

Ainhoa Sarasola.
2007ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Gero eta guraso gehiagok egiten dute euskararen aldeko hautua seme-alaben hezkuntzarako, aurtengo aurrematrikulazio datuek erakusten dutenez. D ereduan eginiko izen emateek gora egiten jarraitu dute, azken urteotako bilakaerari jarraikiz. Datorren ikasturtean, izen emateei erreparatuta, Hego Euskal Herrian hiru urteko 25.373 haur eskolatuko dira, iaz baino 96 gehiago. Administrazioarekin hitzarmena duten ikastetxe pribatuetan ariko dira haurren erdiak baino gehiago, eta sare publikoan beste 12.324. Ereduka aztertuta, berriz, D eredua izan da izena emateko gehienek aukeratutakoa: 15.566 haur ariko dira euskarazko irakaskuntzan. Era berean, D ereduan eginiko izen emateen kopuruak gora egin du lau herrialdeetan, Nafarroaren kasuan gaztelania eta ingelesa uztartzen dituen I ereduarekin batera. Herrialdeka, D eredua gailendu da Gipuzkoan eta Bizkaian; B eredua izan da nagusi Araban; eta A eta G ereduak, berriz, Nafarroan. Ipar Euskal Herrian ez dute halako prozesurik abiatzen ikasturte bukaeran.

Iaz baino 96 izen emate gehiago horietatik bakarra matrikulatu da sare pribatuan; gainerako guztiek sare publikoa aukeratu dute. Herrialdeka, Nafarroan soilik da nagusi sare publikoa, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan ikastetxe kontzertatuak gailendu baitira. Iazko joera berean daude, beraz, aurtengo izen emateak. Bilakaerari erreparatuta, berriz, 2005-2006 ikasturtetik iazkora izaniko aldeak egonkortu egin direla dirudi.

Araban, ikastetxe kontzertatuetan eta B ereduan egin dira aurten izen emate gehienak, iaz bezala. Aipagarria da, hala ere, D ereduak eta sare publikoak gora egin dutela herrialdean. Bizkaiaren kasuan, berriz, sare publikoko D ereduan egin dira aurrematrikulazio gehienak; D ereduak baino ez du gora egin, oro har, izen emateak iaz baino gutxiago izan direnean herrialdean, sare publikoan zein pribatuan. Gipuzkoaren kasuan ere sare publikoko D lerroa izan da guraso gehienek hautatutakoa. Iaz baino izen emate gehiago izan dira aurten, bai sare publikoan bai pribatuan. Baina ereduen artean D lerroa izan da gora egin duen bakarra. Aipagarria da sare publikoan A ereduan ez dela izen emate bakarra egin herrialde horretan, gutxienez azken lau urteotan gertatu bezala.



NAFARROA. Iazko datuekin alderatuta, 20 bat izen emate gehiago izan dira aurten Nafarroan. Baina ereduen artean, D eta I ereduek soilik egin dute gora, A eta G ereduek behera egitearekin batera. Orain hamar urte hasi zen Nafarroako Gobernua gaztelania eta ingelesa uztartzen dituen I lerroa eskaintzeko lehen pausoak ematen, Tuterako Elvira España ikastetxean irakaskuntza mota hori martxan jarrita. Azken urteotan, eredu hori sustatzearen alde egin du nabarmen Nafarroako Gobernuak. Azken hauteskunde programan esaterako, irabaziz gero, sei urtetik aurrerako hezkuntzan 25 british school garatuko zituela jaso zuen UPNk. Iazko 190 izen emateen aldean, aurten 314 gurasok egin dute I ereduaren aldeko hautua.

Euskarazko irakaskuntzaren esparruan ari diren eragileek kezka agertu dute I eredua sustatzeko asmoen aurrean. Izan ere, Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen eta ELA, LAB eta EILAS sindikatuen ustez, D ereduaren goranzko bidea ixteko eta geldiarazteko Nafarroako Gobernuaren helburua dago I eredua sustatzearen atzean. Izan ere, euskara gehien zabaldu den tokietan garatu nahi du Gobernuak British programa, eragileen hitzetan.

Sareei dagokienez, publikoaren alde egiten jarraitu dute guraso gehienek, aurten ere gora egin baitute izen emateek. Euskarazko hezkuntza publikoak goranzko joerari eutsi dio Nafarroan.

Ikastoletan aurrematrikulazioek gora egin duteHego Euskal Herrian ere, urteroko joerari erantzunez. Ikastolen Konfederazioaren arabera, ia ikastola guztietan eskariak eskaintza gainditu du aurten ere. Arabako Errioxaren kasua aipagarria da: izen emate kopuru handiena duten ikastolak han daudela jakinarazi du Arabako Ikastolen Federazioak. Arabako Errioxako ikastolek duela hamar urtetik hona eskualdeko matrikulazioen erdia dute, baina datua orain jakinarazi dute; batetik, modu egonkorrean errepikatu izanak jarraipenerako joera bermatzen duela iritzita eta, bestetik, horrek duen «garrantzi soziologikoagatik». Aurtengo datuen arabera, eskualde horretan ikastolen aurrematrikulazioa %56,8 izan da; alegia, 132 ikasletik 75ek jo dute ikastolara.



Lekurik gabe geratu dira 200 bat haur nafarsare kontzertatuan

Seme-alaben hezkuntzarako lehen aukera gisa zentro kontzertatu bat aukeratu zuten ia 200 familia tokirik gabe geratu dira Nafarroan. Hartara, bigarren edo hirugarren aukera gisa adierazitako hautuarekin konformatu beharko dira aurten. Hainbat zentro kontzertatutan eskaerak gora egin du, eta leku faltagatik ezin izan dira eskaera guztiak onartu. Iruñerriko ikastoletan, esaterako, 35 gurasoren eskaerak geratu dira eskaintzarik gabe.

Sare kontzertatuan D ereduan eginiko izen emateak %5 hazi dira Nafarroan, Foru Gobernuaren datuen arabera; A eta G ereduetan, berriz, %2 jaitsi da aurten aurrematrikulazioen kopurua. Sare publikoari dagokionez, nabarmenago egin dute behera izen emateek A eta G ereduetan (%6,5), eta nabarmenago gora D ereduan (%11). I eredua da gehien hazi dena, ikasle gutxien izanda ere; iazko 190 izen emateetatik 3.14ra igaro eta %65 hazi baita.





Euskarazkoetan,

aukera dagoenean


Eskariak ikastoletako eskaintza gainditzen dutela dio Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioak; ahal den lekuetan, sare publikoan, D ereduaren alde egiten dela uste du Sortzen-Ikasbatuaz-ek.
a. sarasola

Pozik dago aurtengo aurrematrikulazioekin Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa. Ikastolek lortutako emaitzak onak direla adierazi dio BERRIAri Koldo Tellitu Konfederazioko lehendakariak. «Ia ikastola guztietan eskariak gainditu egin du eskaintza, askotan nabarmenki gainera». Datu baikorra izanik ere, kezka ere sortzen dio Konfederazioari. Azken urteotan egoera hori errepikatu egin dela eta oro har jaiotza tasa igo egin dela ikusita, arazoari «eskola itun edo lege berri baten bidez» aurre egin behar zaiola uste du Tellituk, eta hezkuntza administrazioekin «akordioak derrigorrezkoak» izango direla. Izan ere, ikastolei ez ezik, sare guztiari eragiten dion arazoa izan litekeela dio. Ikastolen arloan, kasu batzuetan lerro gehiago zabaltzea izan liteke aterabidea eta, beste batzuetan, ikastola berriak sortzea.

Arabako Errioxan aurten izaniko emaitzak «oso pozgarritzat» jo ditu Tellituk. D ereduak lurralde edo giro ez euskaldunetan ez duela eraginik zabaldu izan bada ere, Arabako Errioxako haurren erdiak ikastoletan egoteak «frogatzen du hainbatetan zabaltzen diren planteamendu maltzurrak ez direla benetakoak, euskarazko ikastereduak onarpen sozial nabarmena eta eragingarria duela», Tellituren hitzetan. Halaber, Ikastolen Konfederazioak aurten, lehen aldiz, Euskal Herri osoko ikastoletan izena emateko kanpaina berbera abian jarri izana nabarmendu du, hori egitea «herri ikuspegitik, aurrerapauso garrantzitsua» izan dela iritzita.

Tellituren ustez, bi arrazoi nagusigatik aukeratzen dute gurasoek haurra ikastolara eramatea. Batetik, aipatu du batez ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoari dagokionez, 1993an zabaldu zen «publiko-pribatu eztabaida antzua gizartean gainditua» dagoela. «Urte hauetan gutxika-gutxika lortu dugu berriro ere jendeari argi uztea ikastolak herri ekimenetik sortuak direla eta horrela jarraitzen dutela». Eta bestetik, Ikastolen Konfederazioko lehendakariaren ustez, nabarmen ikusten du gizarteak ikastoletan kalitateko hezkuntza eskaintzen dela.



IKASEREDUEKIN KEZKA. Aurten ere izen-emateetan «eredu politika banatzailea» dela-eta ikasleak hiru taldetan banatuta egotea kritikatu du Sortzen-Ikasbatuaz elkarteko koordinatzaile Julen Etxeberriak. Hiru eredu horietatik bik, Hezkuntza Sailek ezarritako hizkuntza helburuak betetzeko gutxieneko gaitasunik ez dutela eskaintzen gaineratu du. Horiek horrela, haren ustez, «behin eta berriro salatutako iruzurrak aurrera egingo du Hego Euskal Herrian beste urte batez ere». Etxeberriaren hitzetan, «iruzur horren luzapena zenbait politikari eta hezkuntza eragileren epeltasunari» leporatu behar zaie.

Ordea, izen emateak egiterakoan, herritarrek «ikuspegi logikoagoa eta aurrerakoiagoa» darabiltela dio: «Aukera duten lurraldeetan behintzat, seme-alabak matrikulatzeko garaian, argi egiten dute irakaskuntza publikoan D ereduaren alde». Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan datuek hori erakusten dutela dio Etxeberriak. Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak ikastereduen gainean eginiko proposamenaz kezka agertu du. Batetik, ikasturtea bukatu aurretik aurreikusita zeuden lanak ez direlako egin. Eta bestetik, Hezkuntza Sailak B2 hizkuntza eredua proposatu arren, hainbat eragilek B1era jaisteko nahia agertu dutelako, Sortzen-Ikasbatuaz-ek «C1 mailaren alde» egiten duenean.

Nafarroan ere, «ahal izan duten lekuetan behintzat», guraso gehienek D ereduaren alde egin dutela eta irakaskuntza publikoan eredu horretan izena emandakoen kopurua berriro ere hazi egin dela azpimarratu du Etxeberriak, Iruñerrikoa nabarmenduta. «Berri pozgarria da Sortzen-Ikasbatuaz elkartearen iritziz aurrerapen hau, alde guztietatik jarritako oztopoen gainetik izandako hazkundea baita». Oztopo horien artean aipatu ditu, besteak beste, eskaria euskararen aldekoa denetan ingelesezko eskolak irekitzea, etorkinak beste ereduetara bideratzea, azpiegitura gabezia eta Iruñerrian D ereduko zentro gehienak «gainezka» egotea.



«Ia ikastola guztietan eskariak gainditu egin du eskaintza, askotan nabarmenki gainera»

koldo tellitu
euskal herriko ikastolen konfederazioa
«Aukera duten lurraldeetan behintzat, irakaskuntza publikoan D ereduaren alde argi egiten dute gurasoek»

julen etxeberria
sortzen-ikasbatuaz-eko koordinatzailea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.