Sortzen Ikasbatuaz eta Biderra elkarteek antolatuta, Nafarroa osoan euskararen ofizialtasuna aldarrikatzeko festa egingo dute gaur Mendigorrian. Batez ere, euskaraz ikasi ahal izateko eskubidea aldarrikatuko dute. Horretarako, egungo Euskararen Legea aldatu, eta zonifikazioa amaitzeko eskatuko dute.
Iaz, Artaxoan egin zuten jaia. Hain zuzen ere, aurreko aldian bezala, Mendigorriako eta Artaxoako udalek bat egin dute jaiarekin. Oraingo honetan, beste bi udal batu zaizkie: Ziraukikoa eta Mañerukoa. Hango eskolak itxi egin dituzte, eta euskaraz ikasi nahi duten haurrek Garesera joan behar izan dute.
Egitarau «herrikoi, oparo eta solidarioa» antolatu dute. 10:00etan hasiko da jaia, eta 20:00etan amaitu. Dianak emango dio hasiera egunari, eta, horrekin batera, eskulangileen postuak izango dira ikusgai. Hamaiketakorako, txistorra eta sardina jana prestatu dute. Herri bazkariak, lasterketak eta Tximeleta taldearen kontzertuak osatuko dute eguna.
D ereduaren aldeko jaia dute gaur Mendigorrian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu