Ostegunean hasi eta otsailaren 7ra arte luzatuko da matrikulazio epea D eredua eskaintzen duten Nafarroako ikastetxe publikoetan. NIZE Nafarroako Ikastetxeetako Zuzendaritzakideen Elkarteak gomendioa luzatu die ikasleen gurasoei: haien haurrak D ereduan izen ematera deitu ditu, eredu horren bidez, ikasleak "gutxienez hiru hizkuntzatan" trebatzen direlako.
D eredua "fidagarria" eta "eraginkorra" dela nabarmendu dute Mikel Larrazak eta Amagoia Goienetxek —Bernat Etxepare eta Joakin Lizarraga ikastetxeetako zuzendariak hurrenez hurren—. Ziurtatu dutenez, D eredua eskaintzen duten ikastetxe publikoek "oso ongi ezagutzen dute inguru bakoitzeko errealitatea", eta, beraz, "testuinguru bakoitzari egokitutako erantzuna" emateko gai dira.
Geroz eta gehiago dira D ereduaren aldeko hautua egiten dutenak Nafarroan. Larrazak eta Goienetxeak eskaini dituzten datuen arabera, 2015ean D eredua hautatu zuten matrikulatu zirenen %19k; 2016an, %20 izan ziren, eta %23, iaz. Larrazaren iritziz, gorakada horren arrazoietako bat izan daiteke "D ereduan matrikulatzeko aukera Nafarroa osora zabaltzen aritzea". Euskarazko ereduak hankunde nabarmena izan du, bereziki, Iruñerrian: %10ekoa, azken hiru urteetan.
D eredua "kalitatezkoa" dela frogatu du geroz eta jende gehiagok, NIZEren arabera. "Jakina da elebitasuna adin goiztiarretan lantzeak gerora hizkuntza gehiago ikastea errazten duela", gaineratu du Larrazak.
D ereduaren aldeko kanpaina egiteko bideoa zabaldu du NIZEk sare sozialetan.
[youtube]https://youtu.be/cqjhCmYhhMA[/youtube]