Eraso larritzat jo dute hezkuntzako sindikatuek "ustezko" D ereduari buruzko txostena, Nafarroako Parlamentuko Hezkuntza Batzordeko kideen aurrean. D eredua "kriminalizatzeko" saiotzat jo dute, eta haren helburu bakarra Hezkuntzaren Kalitatea Hobetzeko Lege Organikoaren, edo murrizketen inguruko eztabaida "bazter uztea" dela salatu dute. "UPNk frankismoaren garaiko zerrenda beltzak berreskuratu nahi al ditu?", galdetu du LABeko ordezkari Gorka Buenok. Sindikatuek Nafarroako Gobernuak duen erantzukizuna jarri dute agerian, eta kritikatu dute Yolanda Barcina presidentearen eta Hezkuntza kontseilari Jose Iribasen jarrera. "Ez dituzte langileak defendatu", erran du Buenok.
EILASeko Amaia Zubietak galdetu du "ustezko" txostena nork agindu eta nork eman duen ezagutzera. Irakasleak zelatatu izana, eta hedabide batek Iturramako ikasleak filmatu izana salatu du, eta horren inguruko ikerketa abiarazteko eta salaketa jartzeko aukera azter dezala eskatu dio gobernuari. CCOOeko Maite Rocafortek ere "toxikazio kanpaina" salatu du, eta ELAko Ander Pascualek hiru eskaera egin dizkio Iribasi: "D ereduaren alde egin dezala; gobernuak dituen ardura politikoak argitu daitezela, eta Hezkuntza Departamentuak auzitara eraman dezala adingabeak filmatu izana".
Bilduk, Aralar-NaBaik, Ezkerrak eta PSNk ere gogor salatu dute "D ereduaren aurkako erasoa". UPNk, berriz, txostena ez duela ezagutzen erran du. "Eredu guztien alde egiten dugun bakarrak gara", erran du Carmen Gonzalez parlamentariak. "Ez dugu onartuko inork hezkuntza sistema bertzelako helburutarako erabiltzea", erran du. PPNk ere "eredu guztien alde" egin du, bai eta "Guardia Zibilaren lanaren alde" ere.
Herrikoa eta Sortzen-Ikasbatuaz guraso elkarteek ere agerraldia egin dute parlamentuan. Sortzen-Ikasbatuazeko Gari Torregrosak nabarmendu du gurasoek haien "haserrea eta kezka" agertu dietela, D ereduaren aurkako erasoagatik.