D ereduaren onura goraipatu dute Nafarroako hainbat udalek

Haurrak euskarazko hezkuntza ereduan aurrematrikulatzeko kanpaina bat aurkeztu dute erakundeek

Erredakzioa
Iruñea
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
2012-2013ko ikasturtean Nafarroan lehenengo aldiz matrikulatuko diren haurren gurasoek D eredua aukeratu dezaten sustatzeko, kanpaina bat jarri dute abian. Fidel Arakama Garesko alkateak, Unai Lako Agoizko alkateak eta Maria Teresa Garatea Arangurengo alkateordeak atzo Artikako Kultur Etxean emandako prentsaurreko batean hezkuntza eredu eleaniztunak dituen onurak goraipatu zituzten.

Hauexek dira kanpainaren bultzatzaileak: Nafarroako hamasei udal (Agoitz, Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Baztan, Berriobeiti, Berriozar, Bidaurreta, Burlata, Esteribar, Etxauri, Gares, Uharte, Oltzako Zendea eta Orkoien); Aezkoako, Erronkariko eta Zaraitzuko Batzorde Nagusia; Zizur Nagusiko Kultur Patronatuak; eta Sakanako Mankomunitatea.

D ereduak euskaraz eta gaztelaniaz ikasteko aukera ematen duela nabarmendu dute, bi hizkuntzak ikasten direla. Eredu eleaniztuna dela azpimarratu dute, era berean, atzerriko hizkuntzak ikasteko «oinarri sendoa» ematen duelako. Hiru hizkuntza ikasteko aukera emateak batere hizkuntzarik ez baztertzea bermatzen duela adierazi dute. «Munduko edozein hizkuntzarekiko zabaldutako eredua».

D ereduak 30 urteko esperientzia eta ibilbidea duenez, haren kalitatea «bermatua» dagoela adierazi dute. Horrez gain, nabarmendu dute hainbat ikerketarekin frogatu dela abantaila anitz dituela euskarazko irakaskuntzak. Ikerketa horien arabera, D ereduko ikasleek ezagutza gaitasunak garatuagoak dituzte, eta hirugarren edo laugarren hizkuntza bat ikasteko erraztasun handiagoa, A eta B ereduko ikasleekin alderatuz gero. Ikerketek diote haurrek errendimendu eta emaitza hobeak dituztela, komunitateen arteko integraziorako bide dela eta etorkizunerako lan aukera zabalagoa eskaintzen duela.

Nafarroako ikastetxeetan aurrematrikula egiteko epea otsailaren 6tik 13ra bitarte egongo da zabalik.

«Dortokaren egonkortasuna»

D formako oskola duen betaurrekodun dortoka bat aukeratu dute kanpainaren irudi gisa. Esoporen Erbia eta dortoka alegiako protagonistak zituen ezaugarriak D ereduarekin alderatu dituzte sustatzaileek. Hala, «egonkortasuna, irmotasuna, segurtasuna, esperientzia, etxearekiko harremana eta lasaitasuna» izango dira kanpainaren ezaugarriak.

Kanpaina ahalik eta gehien hedatu ahal izateko ohiko publizitate euskarriak —kartelak etaargibide liburuxkak— erabiliko dituztela azaldu dute prentsaurrekoan. Hamaiketakoa eramateko poltsak ere banatuko dituzte opari gisa.

Hezkuntza eredua egun batetik bestera aukeratzen ez denez, 2 urteko haurren gurasoengana ere joko dute, hurrengo ikasturtera begira beren haurrak D ereduan matrikula ditzaten. Haiei informazioa emateaz gain, neurgailu bat oparituko diete, seme-alaben altuera neurtzearekin batera hizkuntza bat bereganatzeko prozesua neurtzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.