HEZKUNTZA

D ereduari buruzko txostena badagoela berretsi du gobernu ordezkaritzak

Kongresuko erantzun batean ministerioak esan du "Nafarroako hezkuntzari buruz" ez duela egin ikerketarik Guardia Zibilak. Interpretazioa da gakoa: gobernuaren ustez, txostena ez da hezkuntzari buruzkoa, baizik eta "ETAren inguruari" buruzkoa.

Garikoitz Goikoetxea.
2014ko urtarrilaren 16a
17:23
Entzun

Amaiur taldeak egindako galdera bati erantzun dio Espainiako Barne Ministerioak Espainiako Kongresuan, esanez Guardia Zibilak ez duela txostenik egin "Nafarroako hezkuntzari buruz". Txostenaren izaerari buruzko interpretazioa da gakoa. Espainiako eta Nafarroako gobernuek lehen unetik esan dute D ereduari buruzko ikerketa hori ezin daitekeela ulertu hezkuntzari buruzko ikerketa gisa; "ETAren inguruari" buruzkoa dela nabarmendu dute. Espainiako Gobernuak Nafarroan duen ordezkaritzako iturriek BERRIAri baieztatu diote txosten hori egina dagoela, baina berretsi dute "ETAri buruzkoa" dela.

Amaiur taldeko diputatu Jon Iñarrituren eskaria honakoa da: "Guardia Zibilak Nafarroako hezkuntzari buruz egindako txostena, zeina Diario de Navarra egunkariak eskuratu baitzuen". Zirrikitu hori, Nafarroako hezkuntzari buruzkoa dela esatea, baliatu du Jorge Fernandez Diaz ministroak, argibiderik ez emateko.

Hala egin zuen abenduaren 11n ere, Uxue Barkos Geroa Baiko diputatuak galdera egitean. Honela esan zion ministroak: "Lehenik eta behin argitu nahi dizut, oso garrantzitsua baita, Guardia Zibilak ez duela txostenik egiten Nafarroako hezkuntza komunitateari edo eredu jakin bati buruz".

Isilpean dago txosten hori —hori gogorarazi dio Barne Ministerioak Amaiurri—, baina hedabide batzuek filtratu zuten edukia. Areago, txostenaren beraren irudi batzuk ere argitaratu zituzten, froga modura. Guardia Zibilaren armarria ageri da irudi horietan.

Txostenaren ondorioa da euskarazko irakaskuntzan ari diren irakasleen artean lautik bat “etazalea” dela. 28 eskola ikertu dituzte horretarako; denera, 1.652. "Etazaletzat" jotzeko irizpide izan dira zein sindikatutako kide diren —LABekoak jo dituzte begiz—, legez kanpo utzitako zerrendetan ageri ote diren, senideren bat preso ote duten, kartzelara bisitan joaten ote diren... Baldintza horietakoren bat betetzen duten guztiak jo dituzte "etazaletzat".

Filtrazioaren ostean, neurriak

Txostena nolatan egin ote duen ez du argitu ministerioak, nahiz askotan galdetu dioten. Guardia Zibilaren "ohiko" jardunaren barruan sartu zuten. Ramon Gomez Donostiako PPko zinegotziak eman zuen azalpen bat, hala ere. Haren arabera, guardia zibil baten lana da ikerketa hori; maila handiagoko lanpostu batera sartzeko egin zuen txostena, "tesi baten antzera".

Zehazgabea eta hanka sartzez betea da txostena —D ereduko eskola publiko guztiak ikastola gisara aurkezten ditu, adibidez—, baina, horretan oinarrituta, neurriak hartzeko asmoa duela esana du PPren gobernuak. Oraindik ez dute zehaztu zer neurri izango diren.

Nafarroako Gobernua hasia da neurriak hartzen. Eskoletan erabiltzen dituzten materialak zelatatzeari ekin dio, "legea betearazteko". Liburuak ez ezik, irakasleek eurek sortutako edukiak ere kontrolatuko ditu Hezkuntza Departamentuak. Euskal Herriko mapak dituzten materialak erabiltzea galarazita dagoela ohartarazi du Jose Iribas kontseilariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.