Guardia Zibilak Nafarroako Hezkuntza saileko irakasleen inguruan egin duen txostenaren harira, D ereduko irakasleak babestu eta euren lana aitortu du gaur goizean Nafarroako Parlamentuak Bozeramaileen Batzordean. Horiek kriminalizatzeko saioa errefusatu du, gainera. Adierazpena PSN, Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerraren botoekin atera da aurrera.
UPNk, gero, beste adierazpen bat aurkeztu du hizkuntz ereduak aintzat hartu gabe irakasle guztien lana babestu eta aitortzeko, eta hori aho batez onartu du Bozeramaileen Batzordeak. Bigarren adierazpen horren beste puntuetako batek hezkuntza "bestelako helburuetarako erabiltzea" errefusatu du eta hori UPN, PSN eta PPren botoekin atera da aurrera. "Pederastiagatik, xenofobiagatik edo terrorismoagatik zigortu dituzten irakasleek eskolak ematea saihesteko" Zigor Kodeari UPNk egin nahi dizkion aldaketen kontra egin dute, berriz, Bildu, Aralar-NaBai, Geroa Bai eta Ezkerra alderdiek.
Iribasi eta Albari eskaera
Geroa Baik Jose Iribas Hezkuntza kontseilariaren agerraldia eskatu du Parlamentuan. Bilduk eta Aralar-NaBaik, gainera, Carmen Alba Espainiako Gobernuaren ordezkariaren agerraldia ere eskatu dute. Bozeramaileen Batzordean gaur egin duten bileran alderdi guztiek agertuko dute Guardia Zibilak egin zuen txostena egiteko agindua nork eman zuen jakiteko nahia. Azaldu dute txostenaren berri ez zutela eta zer helbururekin egin duen Guardia Zibilak ere ez dakitela.
Gaia aztertzeko osatuko den lan mahaian LAB, ELA, Eilas eta CCOO sindikatuetako ordezkariek ere parte hartuko dute.
Erreakzioak
PSNko Juan Jose LIzarberen iritziz, "polemika garrantzitsua eta itxuragabea" sortzen ari da UPN, eta "hezkuntzan dauden benetako arazoak estali nahi" izatea leporatu dio. Bilduren izenean, berriz, Bakartxo Ruizek salatu duenez, "eskandalagarria da, eta hezkuntza komunitate osoari erasoa, batez ere D ereduari". Ruizentzat 1936ko egoeraren itxura hartzen ari da oraingoa, "zerrenda beltzak egiten ari dira berriz", eta Zigor Kodea aldatu nahiak "askatasunen murrizketa eta atzera egitea" dakar.
Aralar-NaBaiko Patxi Zabaleta ere antzera aritu da. "Legez kanpokoa" deritzo Guardia Zibilaren txostenari, eta "eztabaida artifiziala sortzen ari da; LOMCE bezalako neurriak onartzeak dituen ondorioak ezkutzen saiatzen ari da". Dagoeneko epaitu dituztenak "kriminalizatzeko saiakera atzerakoia" besterik ez da UPNren proposamena, eta pertsonen berdintasunaren kontrakoa. "Eskuin muturreko irizpideen baitako mendeku politikoa da".
Ezkerraren ustez "oso larria" da Guardia Zibila "berdin dio nork aginduta" irakasleak zelatatzen aritzea, Jose Miguel Nuinek dioenez. "Txostena egin dute filtratu dadin, eta, Nafarroako hezkuntza eta batez ere D eredua kriminalizatzeko".
Geroa Baiko Manu Aierdi "harrituta" dago Guardia Zibilari txostena egoteko eskatu diotelako, eta "deigarria" iruditzen zaio zigor sistemaren inspirazio printzipioa den bergizarteratzeaz duen kontzeptua".
PPN "kezkatuta"
Ana Beltranek Nafarroako alderdi popularreko kideen "erabateko kezka" adierazi du, Nafarroako hezkuntzak bizi duen egoeraz. "Ezustekorik ez" dute hartu, hori saihestu nahian dihardute-eta Nafarroako historia "faltsutzen eta manipulatzen duten irakaskuntzen kontrako ekimenak" aurkezten, legealdi osoan. PPNk UPNrekin bat egiten du Zigor Kodea aldatu behar delako ustearekin.