EAE-ko hauteskundeak

D3Mren eta Askatasunaren jarduna eteten duen edo ez asteartean erabakiko du Garzonek

Bi taldeen ekinbidea debekatzeko eskatu dio goizean Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Eskaera horren helburua Auzitegi Gorenak bi talde horien hautagaitzak Eusko Legebiltzarrerako bozetan parte hartzea galaraztea da.

2009ko otsailaren 6a
18:02
Entzun
Demokrazia Hiru Milioiren (D3M) eta Askatasunaren jarduna eteteko eskatu dio gaur Baltasar Garzon epaileari Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak. Eskaera horren helburua beste epaitegi batek, Auzitegi Gorenak, bi talde horien hautagaitzak Eusko Legebiltzarrerako bozetan parte hartzea galaraztea da. Eskaera 9:00ak baino lehenago egin du Fiskaltzak, Vicente Gonzalez Mota fiskalaren eskutik. Halere, eguerdi partean Garzonek jakinarazi du heldu den asteartean, hilaren 10ean, hartuko duela horren gaineko erabakia.

Auzitegi Gorenak Askatasunari 02:00ak bitartean eman dio bere hauteskunde zerrendaren inpugnazioaren aurkako alegazioak aurkezteko epea. D3Mren epea, aldiz, 16.00etan amaitu da.

Auzitegi Nazionaleko fiskal buruak, Javier Zaragozak, uste du hala D3M nola Askatasuna "ETA-Batasuna-ANVren tresna" direla, eta 110 orrialdeko idatzi baten bidez, hasierako bien jarduna bost urtez debekatzeko eskatu dio Garzoni. Fiskalaren iritziz, D3M "amua" da, "gordetako hauteskunde markatik, Askatasunatik arreta desbideratzeko, ETA-Batasunak hauteskunde ordezkaritza lortzeko duten ohiko estrategiaren barrenean".

Bestalde, eta auziarekin lotuta, Garzonek D3Mko zazpi kide eta Askatasunako sei galdekatu ditu gaur: D3Mren Gipuzkoako legezko ordezkari Ainara Etxebarria Escudero, Itziar Garmendia Mitxelena eta Eneko Agirre García; Arabakoak, Fernando Antia Zoilo eta Oskar Biteri Castañares; eta Bizkaikoak, Maria Lidia Barcena Aurrekoetxea, Ana Rosa Tapia Gonzalo eta Ainhoa Barrena Salgado. Askatasunatik, Jose Antonio Munduate eta Xabier Isasa arduradunak, eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako legezko ordezkariak: Miriam Diaz Tuesta, Urtzi Vidal eta Jaione Unanue, hurrenez hurren.

Fiskaltzak D3M eta Askatasunaren hauteskunde zerrendak inpugnatu zituen herenegun, "biak Batasunaren oinordekoak" direla argudiatuta. Bihar gauerdia arteko epea izango du Auzitegi Gorenak ebazpena kaleratzeko.

"D3M erbi faltsua da", adierazi du gaur goizean Espainiako Barne ministro Alfredo Perez Rubalcabak, eta "Askatasuna, antzekoa, baina ñabartuagoa".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.