Damua eta barkamena nahi ditu Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Damua azaldu eta barkamena eskatzen duten euskal presoei «lagundu» egingo diela berretsi du, baina berriz ere ohartarazi du kontrako bidea hartzen dutenentzat ez direla izango legeak ahalbidetzen dituen espetxe onurak. Azpimarratu du Langraizko bidea deiturikoari eutsiko diola, eta handik ez dela aterako, eta abisu eman du barkamena eskatzen ez duten presoak eta «ETArekin eteten ez dutenak» ez dituztela ekarriko Euskal Herriko espetxeetara.
«Ikuspegi zabalarekin eta Estatu zentzuaz» arituko zela esan zuen Fernandez Diazek asteartean, Espainiako Diputatuen Kongresuan. Ezker abertzaleak baikor hartu zituen hitz horiek, «immobilismoaren horman arrakala» irekitzen ari direlakoan. Hitz horiekin zer esan nahi zuen galdetu zioten Barne ministroari atzo TVEn egin zioten elkarrizketan, eta mezu gogorra eman zuen: damutzen direnei lagunduko diela esan nahi izan zuen, baina gainerakoek ez dutela hobekuntzarik izango.
Hitz horiei berehala erantzun zien ezker abertzaleak, eta asteartean aipatutako «ikuspegi zabala» aplikatu, eta «gatazka politikoaren ondorioen gaindipenerako prozesuarekiko duen arduraz» aritzea galdegin zion.
Euskal Herriko espetxeetara eramateko eskaria egina dute euskal presoek, banaka-banaka aurkeztutako idatzietan. Banaka ari dira beraien eskubideak errespetatzeko eskatzen. Hala ere, Barne ministroak bereari eutsi dio, eta esan du ETAk galarazi egiten diela banakako neurriak hartzea. «ETAko presoen etsairik handiena ETA bera da», berretsi zuen. «ETA kolektiboko presoei presio indartsua egiten ari zaie birgizarteratu ez daitezen eta barkamena eskatu ez dezaten. Horregatik, bide hori egiteko prest daudenei lagundu egingo diegu». Bete beharreko baldintzak zehaztu ditu: «Damutu egin behar dute, gizarteratzeko borondatea aurkeztu behar dute, barkamena eskatu behar dute, ekintza terrorista arbuiatu behar dute, eta talde bateko kide izateko asmorik ez dutela erakutsi behar dute».
Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuaren arabera, gainera, Espainiako Gobernuak presoekin dituen asmoak «bide onetik» doaz, haiek banaka gizarteratzeko. «Bakarka gizarteratzera bidean espetxe onurak jaso nahi dituzten presoei horretarako aukera ematea da helburua», esan zuen. Presoen etorkizuna presoen beren esku dagoela uste du: «Behin betiko talde terroristarekin moztu besterik ez dute».
Nolanahi ere, presoek zigorra bete egin beharko dutela nabarmendu du Aresek. Espetxe onurek zigorrak txikitzeko balio dutela, baina ez zigorrak kentzeko. «Eta hori ez da berehala etorriko», gaineratu du.
Urrats erabakigarriak
Bestalde, Iñigo Urkullu EAJren EBBko buruak berretsi zuen aro berria egonkortzeko «urrats erabakigarriak» emateaz hitz egin zuela Mariano Raxoi Espainiako gobernuburuarekin, asteartean. Raxoik «jarrera irekia» erakutsi zuela azpimarratu zuen, Telecincon egin zioten elkarrizketan.
ETAk armak uztea baino garrantzitsuagoa iruditzen zaio erakunde armatua desegitea: «Talde terrorista desegiten den unea, presoen egoera horiek askatzeko arrazoia izango litzateke». Desarmerako, Espainiako Gobernuak ETArekin hitz egin behar duela nabarmendu zuen.
Damuturiko presoei «lagundu» egingo diela berretsi du Fernandez Diazek
Rodofo Aresen ustez, Espainiako Gobernua ondo ari da jokatzen euskal presoen gaia kudeatzeko orduan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu