Daniel Pastor espetxeratzeko agindu zuen atzo Fernando Grande-Marlaska Espainiako Auzitegi Nazionaleako epaileak, ETAko kide izatea egotzita. Epailearen aurrera eraman aurretik, bi aldiz eraman behar izan dute ospitalera, Guardia Zibilaren esku inkomunikatuta egon den lau egunetan. Berri agentzia eta hedabide espainiarrek zabaldu dute Pastorrek «bere burua zauritu» duela; behin eskuan eta beste behin buruan. Iturri horien arabera, Pastorrek ez zien erantzun epailearen galderei, baina onartu egin zion bere burua zauritu zuela, operazio berean atxilotu zuten bere bikotekidearekin gertatuko zenaz beldur zelako.
Pastorrekin batera asteartean atxilotutako beste hiru lagunei –Lorena Lopez, Beatriz Etxebarria eta Iñigo Zapirainena– deklarazioa gaur hartzea espero da. Bitartean inkomunikatuta jarraituko dute, Guardia Zibilaren esku.
Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak esan du lau lagun horiek osatutako taldea zela «ETAtik gelditzen zenetik garrantzitsuena». Efe berri agentziaren arabera,inkomunikatuta zeuden bitartean laurek «onartu» dute egozten dizkieten delituak egin zituztela. 2006az geroztik gertatutako atentatu larrienetariko batzuk leporatzen dizkiete; besteak beste, 2009an Arrigorriagan (Bizkaia) Eduardo Puelles polizia inspektorea hiltzea eta Santoñan (Kantabria, Espainia) Guardia Zibilaren kuartel batean ibilgailu bat leherraraztea.
Atxiloketak gertatu eta epaileak habeas corpusa emateari uko egin ondoren –atxilotua zuzenean epailearen aurrera eramateko eskubidea–, torturak saihesteko neurriak eskatu zituzten atxilotuen abokatuek. Besteak beste, familiei uneoro esatea nola eta non dauden atxilotutako senideak, konfiantzazko mediku baten bisita jasotzea eta atxiloaldi guztia bideoz grabatua izatea. Grande-Marlaska epaileak ez zuen onartu eskaera, eta Amnistiaren Aldeko Mugimendua kezkatuta agertu da, atxilotuek torturak jasan ditzaketela-eta.
Tortura ekiditeko gomendioak
Bestalde, asteon NaBaik Parlamentuan torturaren aurkako mozio bat aurkeztu du. Mozioan Espainiako Estatuari tortura ekiditeko nazioarteko erakundeen emandako gomendioak betetzera dei egiten zaio. Atzoko eledunen batzordearen bileran mozioak aurrera egitea lortu zuen, baina, atzera bota zuten Nafarroan izan diren tortura salaketak ikertzeko batzorde bat eratzeko proposamena.
Daniel Pastor espetxeratu egin dute, bi aldiz ospitalera eraman eta gero
Inkomunikatuta dauzkaten beste hiru atxilotuei gaur hartuko die deklarazioa Grande-Marlaska epaileak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu