GIBaren inguruko eboluzio positiboa ukaezina dela aitortu du Darponek gaur goizean, Gasteizen, gaixotasunaren inguruko nazioarteko egunaren harira —abenduaren 1ean da— eman duen prentsaurrekoan. Infekzioak urritzen ari dira, eta gaixoen tratamenduan nabarmen egin da hobera. Baina arazo handia da oraindik hiesa: 6.000 GIBdun artatzen dituzte Osakidetzan, eta haien gaineko "estigma" gainditzen zaila da. Gogora ekarri ditu SEISIDA erakundeak udaberrian jakinarazitako hainbat datu; inkesta batek erakutsi zuen herritarren %25ek ez luketela nahi GIBdun baten ondoan bizitzea, eta %58ek ez luketela nahi bere seme-alabak infektatutako umeekin joatea eskolara.
Kezkarako motibo da, baita ere, harreman homosexualen bidez gaitzaren transmisioa murriztea ez dela lortzen; 2014an Araba, Bizkai eta Gipuzkoan izan ziren infekzio berrien %48 era horretan transmititutakoak izan ziren. Horregatik prebentzio arloan ere adi jarraitzeko deia. Horren harira gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana txalotu du Darponek: "Berdinen artean errazagoa izaten da".