eae-ko aurrekontuak

Darponek kalitatezko osasun sistema publikoari eusteko konpromisoa hartu du

Osasun Sailaren aurrekontua %4 murriztuko da. Goizean Estefania Beltran de Heredia Segurtasun sailburuak esan du segurtasun zerbitzuak bermatuko dituztela. Segurtasun Sailak 582,8 milioi euro izango ditu, iaz baino %10,9 gutxiago.

2013ko martxoaren 26a
19:33
Entzun

Jon Darpon Jaurlaritzako Osasun sailburuak arratsaldean egin du agerraldia. Aurretik iragarri bezala, Osasun Sailean %4ko murrizketa izango dela azaldu du. Darponek konpromisoa hartu du sistema publiko unibertsal eta kalitatezko bati eusteko; haren arabera, izan zitezkeen aurrekontuen artean "onenetarikoa" da.

Herrialdeka egingo diren inbertsioen artean, Bizkaian Urdulizko eta Basurtuko ospitaleak, Santa Marinakoa eta Portugalete eta Mungiako osasun zentroak aipatu ditu Darponek. Araban, berriz, Unibertsitate Ospitalea zabaltzeko erabiliko dituzte 6,7 milioi, eta Gasteizko Zabalgana eta Salburua auzoetako zentroetara ere bideratuko da aurrekontuaren zati bat. Gipuzkoan Donostiako Unibertsitate Ospitalean 1,85 milioi inbertituko dira, eta gainerakoa, Goierri, Deba, Bidaso eta Getariako osasun zentroetara.

Segurtasun Sailak, %10,9 gutxiago

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak bizkartzainei bideratutako gastua 34 milioitik 9,6 milioi eurora gutxitu du, ETAk jardun armatuaren amaiera iragarri izanaren ondorioz; hala ere, Estefania Beltran de Heredia sailburuak esan du kopurua zabal daitekeela, bizkartzainek zerbitzua eskaintzen baitiete genero indarkeria jasan duten emakumeei eta 24 orduz zaintza behar dutenei.

Gaur eguerdian egin du agerraldia Beltran de Herediak, Gasteizen. Aurrekontu proiektuan Segurtasun Sailak 582,8 milioi euro izango ditu, 2012an baino %10,9 gutxiago. "Egungo testuinguru ekonomikoak behartzen gaitu errealitatera egokitzera", esan du.

Dena den, nabarmendu du "Euskadi herrialde seguru bat" izaten jarraitzeko baliabideak biltzen dituela aurrekontu proiektuak eta segurtasun zerbitzuak bermatuta egongo direla.

Trafikoaren arloan 10,3 milioi izango ditu, Larrialdien Arretan 14,6 milioi, Hauteskunde Prozesuetan sei milioi, Azpiegituran 4,7 milioi eta Joko eta Ikuskizunetan 1,7 milioi.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.