Milanerako hegazkina hartu behar nuen goizean goiz, eta egokiena Bilbon lo egitea izango zela esan zidaten egunkarian. Hotelera heldu eta sarrerako emakume gazteak gelako giltza eman zidan, erakutsi barik. Harrera-lekura jaitsi nintzenean han zegoen artean. Begirada bitxia zuen: ia ez zuen zirkinik egiten, trantzean balego bezala. Biharamunean ez, gauean bertan ordaindu nahi nuela azaltzen hasi nintzaion, baina kolpetik moztu ninduen: «Aizu jauna, zu Londresen bizi izan zara?». Zur eta lur gelditu nintzen. Gelara itzuli eta berriz jaitsi nintzenean emakumeak dei egin zidan. Bueltatu eta begi arraro haiekin egin nuen topo: «Aizu jauna, zu gazte hilko zara».
Heriotzaren gaiak tabua izaten segitzen du gizartean. Bizirik gaudela, bizirik gaudelako, eta ez dugulako haren itzala ikusi ere egin nahi. Hiltzen garenean, jadanik ezin dugulako kezkarik azaldu, Spencer Tracyrekin ez bada. Heriotza ez ezik, heriotzaren arrazoiak ere bihurtu ditugu tabu. Eta gu, tabu horren gatibu. Egunotan ikusi dugu hedabideetan: «Gaixotasun luze baten ondorioz hil da»; «gaixotasun larri batek eraman du». Pertsona bat hil dela esan zaigu, baina horren arrazoi zehatzak argitu gabe. Agian, ez dizkigute argitu behar, gaixoaren eta bere hurkoen afera zelako. Ondo dago. Baina orduan ez esan gaixo zegoenik eta eritasuna «luzea» izan denik. Hil egin da eta kito. Berdin dio istripuz edo gaixotasun larri edo arinez.
Ez gaude heriotzari aurrez aurre begiratzeko prestatuta. Eta heriotza gure lagun saihestezina da bidaia honetan. «Heriotza gure lagun betierekoa da. Gure ezkerrean dago beti, atzean, besoa luzatu eta ukitzeko moduan», idatzi zuen Carlos Castanedak Ixtlanera bidaia liburuan. «Heriotza aholkulari jakintsu bakarra da. Gerlariak dena txarto dagoela sentitzen duenean, suntsitu egingo dutela, burua bueltatu eta galde diezaiola bere heriotzari egia ote den. Bere heriotzak oker dagoela esango dio, azken batean ezerk ez duela ardura, bere ukitua izan ezik. 'Oraindik ez zaitut ukitu', esango dio heriotzak». Inoiz ez dut Castanedarena baino aholku psikodeliko hoberik aditu gure patuaz. Teorian biribila da. Praktikan, aldiz, ez da hain erraza barneratzen, peiotez pasatuta ez bazaude, behintzat.
Garrantzi handiegia ematen diogu geure buruari. Oinarri sendoak nahi ditugu oin azpian, segurtasun handienaren bila. Baina egia, segurtasun bakarra, hauxe da: 100 urte barru denak hilda egongo garela. Alegia, Spencer Tracyrekin arituko garela backgammon-ean. Hori ez da okerrena, ondokoa baizik: oso egoskor eta haserrekorra dela hura, eta ondoan ez duela jokalari txarrik nahi. Prestatu egin behar, beraz.
Arriaga antzokiaren ondoko hotel horretan gertatua kontatu dudanetan, nola erreakzionatu nuen galdetu didate. Andrea salatu ote nuen edo. Ez nuen ezer egin; egun hartan baxu nituen biorritmoak. Ez dut sinesten sorginkerietan, baina ez dut ukatuko: emakume hark Londresko kontua asmatzeak, ni ezagutu barik, jokoz kanpo utzi ninduen. Ez nintzen ausartu neure ustezko patuari buruz ezertxo ere galdetzera.
Geroztik, tranbia hotel horren ondoan gelditzen denean, begi arraro haiek datozkit gogora. Tarteka, ez pentsa beti denik ere. Urteak aurrera doazela konturatzen naiz, ez naizela hain gaztea. Eta orduan iragarpen hari buelta eman diodala pentsatzen dut, oker zegoela neska. Baina, badaezpada ere, backgammon-ean ikasten hasi naiz.
Darwin eta gu
Arriagako espiritua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu